Bizkaiko bertso munduko 60 emakume saretuta, Markina-Xemeinen
Goizean ezagutza jolasak eta poteoa izan zituzten, ostean, bazkaria, eta eguna borobiltzeko, bertso saioa.
Giro bikainean egin zen domekan [maiatzak 22] Bizkaiko bertso munduko emakumeen I. topaketa Markina-Xemeingo Plazabarripean. Antolatzaileek lehenengo topaketarako finkatutako helburu nagusienetako bat saretzea eta elkarrekin gozatu eta ondo pasatzea izan ziren, eta helburuak bete dituztela esan dute. Guztira, Bizkaia osoko ia 60 emakume batu ziren.
Goizean ezagutza jolasak eta poteoa izan zituzten, ostean, bazkaria, eta eguna borobiltzeko, bertso saioa. Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra, Enare Muniategi Etxabe, Iruri Altzerreka Martinez, Izaro Bilbao Arostegi, Janire Arrizabalaga Munduate, Jone Uria Albizuri, Josune Aramendi Perez markina-xemeindarra, June Diaz Franco, Maider Altuna Urbina, Miren Amuriza Plaza, Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra eta Onintza Enbeita Maguregi aritu ziren bertsotan Plazabarripeko oholtzan. Gai-jartzaile beharretan, berriz, Ainhoa Urien Telletxe, Maddi Zabalo Mateos eta Maite Berriozabal Berrizbeitia.