Gure Eskuk kalejira antolatu du Ondarroan
Pirinioetako Bidea girotzeko asmoz antolatu dute kantu bira herrian, zapatuan, 13:00etan hasiko da Likona dorretik.
Zapatuan Ondarroan antolatutako ekimena, uztailaren 2an, Pirinioetan Gure Eskuk antolatu duen ekimenari begira antolatutako ekintza txikia da. Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak helarazi duenaren arabera, “ondarrutarroi abestea gustatzen zaigu, eta zein modu hobeagorik herria girotzeko betiko kantu artean baino”. Jendeari hurbiltzeko deia egin diete, bai abestu nahi dutenei eta baita uztailaren 2ko ekimenean parte hartu nahi dutenei ere.
Gogorarazi duenez, euskaldunoi 100 menditik gora argiztatzea egokitu zaigu ekimenaren baitan, eta zehazki ondarrutarrei, Bizkartze mendia esleitu zaie. “Planak egiteko garaia heldu da, eta plan polita izan daiteke uztailaren 2koa familian eta lagunartean joateko”. ‘Berde’ bezala definitu dute Ondarroari esleitutako mendia, hau da, edozeinentzat irisgarria dela azpimarratu dute, ez du malda handirik, eta gainera autoz joateko aukera ere badago.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hemendik aurrera, astebururo egongo dira kalean, kamisetak lortzeko aukera eskaintzeaz gain, web orrialdetik izena emateak zailtasunak sortzen dizkion orori, eskuz izena emateko aukera eskainiko diote. Izena ematea garrantzitsua dela aipatu du Etxaburuk, “ekimena mendian da eta gauez da, hortaz, aseguratuta egotea beharrezkoa da”.