Lekak ereiten eta kalabazak landatzen irakatsiko dute Lekeitioko herritarren ortuan
Tomate landaketak izandako harrera ona ikusita, ekintza berri bat prestatu du biharko [maiatzak 26] Lekitto Bedarrak. Nahi duten guztiek parte hartu dezakete.
Ekintza berri bat antolatu du Lekitto Bedarrak eguenerako [maiatzak 26]; oraingoan bainak erein eta kalabazak landatuko dituzte Usotegiko herritarren ortuan, 17:00etatik aurrera. Deialdia zabala dela azpimarratu dute, eta beraz, nahi duten guztiek Usotegira joan eta landaketa zelan egiten den ikasteko aukera izango dute. Tomate landaketa ikastaroan bezala, parte hartzaileak ez dira esku hutsik joango. Oraingoan partaideei kalabaza eta kalabazin landareak oparituko dizkiete.
Eguenero. Lekitto Bedarrakoek azaldu dutenez, taldearen X. urteurrena ospatzeko ortugintza arloko jakintza partekatu nahi dute herritarrekin. “Taldeak herrian eragile modura egiten duena eta Usotegin balioa erakutsi”. Horrela, ekaineko eguen guztietan, auzolan ekintza desberdinak antolatuko dituzte Usotegin. “Hainbat tailer eta ikastaro labur antolatuko ditugu, Elikagai Bankuari berdurak banatzen zaion egunetan parte hartzeko aukera egongo da, eta taldeko partaide izan nahi duena ongi etorria izango da”.
Ekaina aurretik, aste honetan, lekak zelan erein ikasteko ikastaroa antolatu dute, eta tomate landaketarenak izan zuen arrakasta ikusita, antzerako tailerra izango da: “Etxeko hazia erabiliko dugu eta kalabazin eta kalabaza ere landatuko dugunez, etortzen direnei landarak oparituko dizkiegu”.