Udaberriko Soinuak emanaldia eskainiko du Tarinek Markina-Xemeinen
Bihar, eguena [maiatzak 26] izango da emanaldia musika eskolaren kanpokaldean. Adin eta estilo desberdinetako taldeek parte hartuko dute.
Markina-Xemein eta Berriatuko Tarine udal musika eskolak udaberriko emanaldia eskainiko du eguenean [maiatzak 26], 19:00etan, Arretxinagan dagoen musika eskolaren aurreko plazan. Ikasturte amaierako emanaldi berezia izango da, eta eskolako talde guztiek parte hartuko dute. Hala, 7 urtetik 70 urtera bitarteko ikasleek genero eta estilo ezberdinetako doinuekin gozaraziko dituzte entzuleak.
Musika klasikoa, pop estilokoa eta baita modernoagoa ere eskainiko dute emanaldian parte hartuko duten tresna eta ahots taldeek eta konboek. Besteak beste, emanaldian parte hartuko dute Markina-Xemeingo eta Berriatuko hizkuntza musikaleko ikasleek, Kamara taldeak, Trikipand, haize eta instrumentu elektrikoez osatutako Ixura taldeak eta baita Initargi eta Tametzona taldeek ere. Guztira, 100 ikasle eta irakasle aterako dira jendaurrera errepertorio zabal bezain zainduagaz.
Gune lasaia. Azken egunetan, eguraldiaren gorabeheran, Tarinekoak emanaldia non eskaini ezin erabakita ibili badira ere, Arretxinagan egitea erabaki dute. Esan dutenez, “magia berezia duen gune lasaia da, eta jende asko hartzeko modukoa”. Kanpoan egitea nahiago izan dute, gainera. “Gu asko gara, eta entzuleekin batera talde handi bat elkartuko gara, beraz, kanpoan egitea nahiago dugu”. Ilusioz beterik daudela aitortu dute, eta eurekin batera musikagaz gozatzera joateko gonbita luzatu dute.