Musikaren alaitasuna, nagusi Arretxinagako plazan
Udaberriko Soinuak ikasturte amaierako emanaldi berezia eskaini zuen Tarine Udal Musika Eskolak atzo [maiatzak 26] arratsaldean Markina-Xemeinen.
Markina-Xemeingo Arretxinagako plaza txiki geratu zen atzo [maiatzak 26] Tarine Udal Musika Eskolakoen kontzertuak bildu zituen ikusle guztiak hartzeko. Ordubete inguru iraun zuen Udaberriko Soinuak emanaldiak, eta doinu ezagun, kanta herrikoi eta erritmo alaiekin gozatzeko aukera eduki zuten entzuleek.
Markina-Xemeingo musika eskolako ikasle eta irakasleak atera ziren eskolako plaza aurrera, Berriatukoekin lagunduta, eta ikuskizun bikaina eskaini zuten. Beste batzuen artean, Kiwi-kiwi herrikoia, Sorkunen Lurra, Mecanoren Hijo de la luna, Xabi Solanoren Nere mundo polit txiki hontan, Tomas Garbizuren Basques Dances edota Josu Elberdinen Pentagrama batek haizean eskaini zituzten Hizkuntza Musikaleko ikasleek, Initargi taldekoek, Kamara taldeak eta Tametzona, Trikipand eta Ixura taldekoek. Txalo zaparradarik ez zuten falta izan.
Covidak eragindako hainbeste murrizketaren ondoren, zuzenekoen gogoz zeuden Tarinekoak, eta ilusioz beteriko kontzertua izan zen, gaztetxoenentzat batez ere. Guraso, lagun eta oro har musikazale ugari izan zituzten ondoan. Horientzako guztientzako, eta bereziki musika eskolari bultzada ematen laguntzen duten guztientzako, esker oneko berbak izan zituzten Tarine Udal Musika Eskolakoek; “Zuek barik ezingo genuke guzti hau aurrera eraman”, eskertu zuten.
Ikasturteari amaiera eman orduko, ekainean ere, emanaldiak egiten jarraituko dute Tarineko ikasleek, baina, formatu txikian.