Mutrikuko TAO sistema ekainaren 1ean sartuko da indarrean
Aparkaleku mugatuen sistema irailaren 15era arte egongo da indarrean. Zazpi gune gaitu dituzte, tarifa eta erregulazio desberdinekin; egoiliarrentzako espazioak barne.
Ekainaren 1ean, [eguaztena] sartuko da indarrean Mutrikun TAO sistema berria; irailaren 15era arte egongo da indarrean. Zazpi gune gaitu dituzte, tarifa eta erregulazio desberdinekin. Espazioak honako eran banatu dituzte:
- Gune urdina: ordainpeko gunea da, 09:00etatik 19:00etara bitartean, eta gehienez ere bost orduz aparkatu daiteke ibilgailua.
- Gune gorria: ordainpeko gunea astelehenik barikura 09:00etatik 19:00etara, eta zapatuan 09:00etatik 14:00etara. Gehienez ordu bete apakartu daiteke ibilgailua.
- Gune berdea, iraupen luzeko gunea: egunero 09:00etatik 19:00etara, bost edo hamar ordu gehienez aparkatu daiteke ibilgailua, eta lehenengo ordua doan.
- Gune mistoa: 09:00etatk 19:00etara egunero. Astelehenetik zapatuko 14:00ak artea gune gorria. Zapatuan 14:00etatik aurrera eta domekan gune urdina.
- Gune zuri/urdina: 09:00etatik 19:00etara egunero. Lehen ordua doan izango da eta gehienez ere hiru orduz aparkatu daiteke ibilgailua.
- Gune librea, horia: Doako gunea egunero 24 ordutan.
Sei gune horiez gain egoiliarrentzako espazioak gorde dituzte, gune zuriak. Leku horiek B hizkiarekin identifikatuko dira. Eremu horretan bertakoen txartela duten ibilgailuek, ezintasunen bat duten pertsonentzako Europako Aparkatzeko Txartela duten ibilgailuek eta lanean ari diren profesionalen ibilgailuek aparkatu ahal izango dute bakarrik.
TAO txartela
Indarrean dagoen urteko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga Mutrikun ordainduta duten ibilgailu guztiei Bertakoak TAO txartela bidali diete eta horri esker edozein gunetan doan aparkatu ahalko dute. Baldintza hori betetzen ez duten batzuek ere txartel hori lortzeko aukera izango dute. Mutrikun lan egiten dutenek, Mutrikun erroldatuta egon ez arren, L bereizgarria daraman langileen TAO txartela lortu ahalko dute 40 euroko tarifa ordainduta. Bestalde, enpresa ibilgailua dutenek ere lortu ahalko dute txartela, Mutrikun erroldaturik baldin badaude eta Udalarekin zorrik ez badute, 40 euroko tarifa ordainduta.
Ikusi TAO sistemaren xehetasunak
Udatiarrak
Udalerrian etxebizitzaren jabe diren udatiarrek edo hauen lehen graduko familiartekoek txartela lortzeko aukera izango dute 60 euroko tarifa ordainduta. Baita kanpinetako erabiltzaileek ere, gutxienez hiru hilabeteko iraupeneko kontratua baldin badute.