Ondarroako Gaztetxearen urteurren biribila
13+19 Ondarroako Gaztetxearen hogeita hamabigarren urteurren jaia jan-edan eta kontzertu artean ospatu dute.
Eguna girotsu hasi da gaur [maiatzak 28, zapatua], eta egitarauan aurreikusi modura, 12:00etan eman diote hasiera ospakizun egunari. Bazkaria baino lehenagoko prestakuntza lanak egiten ari ziren bitartean, jolas pedagogikoak burutzeko gunea ere martxan zegoen.
Gutxika, jendea hurbiltzen hasi da, eta mahaiak kanpora ateratzen hasi dira, prestaketa lanak amaituaz. Izena eman duten 56 lagunak elkartu dira urteurrena jan-edanean eta lagunartean ospatzeko asmoz. Eta horrela izan da. Bazkaria oso ondo joan da, giroa lagun izan dute, eta bazkarira joan direnek gozatu dute uneagaz.
Ondoren, bazkal osteko kontzertuari hasiera emateko, Gaztetxearen barrualdera sartu dira guztiak. Biren taldearen unea zen. Ondarroako bikoteak arratsaldeari gozotasun puntu bat eman dio. Bigarren diskoaren abestiak jotzeaz gain, bertsio batzuk eskaini dizkiete entzuleei, hain zuzen ere, Keu Agirretxea, Anari edota Keike taldeen bertsioak. Gainera, beraien arteko kimika bide, inprobisazio uneez gozatzeko aukera ere eduki dute Gaztetxera joan direnek. Arratsaldea gozotzeko helburua beteta, egunagaz gozatzen jarraitzeko gogoz zeuden gazteak.
Baina oraindik musikagaz eguna girotzen jarraitzeko bidea dute aurretik. Hain zuzen ere, gaueko kontzertuen uneari bide emango diote. Gauari hasiera emateko Mutrikuko Hondar taldearen kontzertua egongo da 22:00etan, eta ondoren, Abdela izango da gaua girotzeaz arduratuko dena.