Ondarroako kaleak girotu ditu Gure Eskuren kantujirak
13:00etan eman diote hasiera herriko kaleak kantu artean gozotu dituen kantu birari. Likona dorrean bildu dira, eta jende asko batu da ekitaldira.
13:00ak eman eta asko izan dira gaur [maiatzak 28, zapatua] Likona dorrearen azpian bildu diren herritarrak. Gure Eskuk uztailaren 2an Pirinioetako Bidea ekimenari begira antolatutako ekintza jendetsu bilakatu da. Unanue Musika eskolako musikarien eta abesbatzeko zuzendariaren laguntzagaz, kantujirarako prestatuko abestien esku liburuak prest zituztela, hasiera eman diote ekintzari.
Ondarroan abestea errotuta dagoen ekintza izanik, gogotsu hartu dute herritarrek Alde Zaharra igaroz burutu den ekimena. Hamazortzi abestiz osatutako errepertorioa prestatu dute antolatzaileek, beti betiko kantuez osatutakoa, hala nola, Jaun Barsak, Baratze bat, Itsasoari Begira, Egunsentia, Itsasoan urak handi, Maitasunez hil edota Baldorba abestiak tarteko.
Herria girotuz joan dira eguraldia lagun izan duten zapatu goizean, eta herritarren interesa piztu dute. Kantujira aurrera joan ahala, herritarrak gehitzen joan zaizkie, eta biran parte hartu ez arren, ondotik igarotzean doinuak ezagutu eta abestu dutenak ere egon dira.
Gainera, Alamedan, Baldorba abestu baino lehenago geldiune txiki bat egin dute. Bertan zegoen, hain zuzen ere, kamisetak eskatzeko eta izena emateko postua. Antolatzaileek aurreratu zuten bezala, kamisetak aurretiaz eskatu beharra dago, hortaz, tamainak aukeratu eta eskaerak egiteko aukera egon da. Bestalde, uztailaren 2ko ekimenera joateko asmoz zeudenei eskuz izena emateko aukera ere eskaini diete. Hasiera batean webgunetik egin beharreko lana izanik, Internet bidez izan emateak zailtasunak sortzen dizkion orori beste aukera bat eman asmoz.