Oihana Kortazar Mutrikuko bizilaguna zortzigarrena Zegama-Aizkorrin
Gizonezkoen lasterketan, aldiz, Iñigo Arantzamendi, Jon Artetxe eta Iñigo Larrañaga ondarrutarrak eta Mikel Goikoetxea mutrikuarra aritu dira. Gizonezkoetan Kilian Jornet kataluniarrak orain arteko marka apurtu du, eta gauza berbera egin du Nienke Brinkman nederlandarrak, emakumezkoen lasterketan.
Markak apurtu ditu aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoiak: bai denborei, bai ikusle kopuruari dagokienez. Bertan lehiatu zuten, herenegun, Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi korrikalariek.
Oihana Kortazar Mutrikuko bizilaguna zortzigarren postuan sailkatu zen emakumezkoen maratoian, Nienke Brinkman garailearengandik 25 minututara. Brinkman herbeherearrak Maude Mathys hautagai nagusia menperatu zuen, garaipena eskuratzeko; gainera, 18 minututan hobetu zuen Maite Maioraren 2017ko errekorra, erlojua 4.16,43an geratu zuen. Gizonezkoen proban, Kilian Jornet kataluniarra nagusi agertu zen; Davide Magrini italiarrari aurrea hartuz, 3.36,40ko denbora behar izan zuen.
Iñigo Arantzamendi, 96. postuan. Lasterketa horretan ibili ziren Iñigo Arantzamendi, Jon Artetxe eta Iñigo Larrañaga ondarrutarrak. Beraietatik aurreratuena Arantzamendi izan zen: 4.44,21eko denbora egin zuen, 96. postuan amaituz. Horiez gain, Mikel Goikoetxea mutrikuarrak ere parte hartu zuen. Goikoetxeak 5.12,19ko erregistroagaz burutu zuen maratoia.