45 lagun bildu zituen Berriatuako jubilatuen ekimenak
Aurreikusita zeukaten modura, 10:30ak puntuan atera ziren herriko plazatik, eta ohi bezala ibilbide erraz bat zuten aurretiaz pentsatuta, hainbat geldialdi egin zituzten, tartean, Txile eta Urepel plazetan eta Errekondoan. Baina antolatzaileek aipatu dutenez “ez zigun eman denborarik ibilaldi osoa egiteko, oso gustura geundelako paisaiaz eta giroaz gozatzen”. Parte hartu zuten guztiek egun paregabeaz gozatzeko aukera izan zuten, eta eguraldia lagun izanik, ohi baino gehiago luzatu zitzaien ibilbidea. Hamaiketakoa 12:00etan hasi zuten, “baina merezi zuen, gozatzen geunden guztiok”. Ordu eta erdiko ibilbidearen ondoren, Anaitasuna elkartean egin zuten mokaua, eta horrekin borobildu zuten “zoragarri” bezala definitu duten eguna.
Lau urtero
Ziortza-Bolibar, Berriatua, Etxebarria eta Markina-Xemeingo jubilatu elkarteetako kideek parte hartu zuten ibilbidean. Hain zuzen ere, lau herri hauetako bakoitzak urtero ibilaldi bat antolatzen du guztiak batera eguneko ekimen bat egiteko, eta aurten Berriatuaren txanda izan da. Urte asko daramatzate antolakuntza egitura honekin, eta oso ondo funtzionatzen duela aipatu dute.