Landareen gaixotasunen aurrean dauden aukerak azalduko dituzte Lekeition
Taldearen X. urteurrenaren harira, ortugintzari lotutako ekimenak antolatzen jarraitzen du Lekeitioko Lekitto Bedarra taldeak.
Eguen honetarako [ekainak 2] tomate eta, oro har, ortuko landareen gaixotasunen aurrean zelan jokatu irakasteko tailerra antolatu du Lekitto Bedarrak. Gaixotasunari zelan aurre egin eta landarea zelan indartu azalduko dute, besteak beste.
Ohi modura, hitzordua Usotegin izango da 17:00etan. Eta oraingoan ere parte hartzaileek oparia izango dute. “Ekarri botila bat egiten dugun zukua zuentzako izango da eta”, animatu dute.
Erantzun ona. Taldeko kideek azaldu dutenez, erantzun ona izaten ari dira ematen ari diren tailerrak. “Tomate landaketa ikastaroan galdetu ziguten ze laguntza natural aplikatu daitekeen gaixoa ekiditeko, eta horretarako antolatu dugu eguen honetako ekintza”.
Joan den astean lekak erein eta piper txorizeroak landatu zituzten, eta hamar lagunek parte hartu zuten ekimenean. Hasieran lurra prestatu, ongarritu eta oinarri teoriko batzuk azaldu zituzten taldekoek, eta ondoren, denen artean jarri zituzten praktikan. “Haziak eta piper landareak herrian ateratakoak izan dira, eta jendea oso pozik egon zen ikasi eta ikasitakoa praktikan jartzen”. Amaieran kalabaza eta kalabazin landareak banatu zituzten partaideen artean.