Mendexako udal egutegiaren argazki lehiaketa aurkeztu dute
Egile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahalko ditu, izenburuagaz. Urriaren 3tik 31ra arteko epea egongo da argazkiak aurkezteko, Leixarra Elkartearen helbide elektronikora idatzita.
Mendexako Udalak, Leixarra elkarteagaz elkarlanean, udal egutegia osatzeko argazki txapelketa aurkeztu du. Argazkilari ez-profesionalei zuzenduriko lehiaketa da, eta hautatuko diren argazkiak, hain zuzen ere, Mendexako udal egutegian agertuko dira. Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, aurretiaz argitara eman gabeko argazkiak baino ez dituzte onartuko lehiaketan. Denak horizontalak izan beharko dira, eta egile bakoitzak, gehienez, hiru aurkeztu ahalko ditu. Argazkiko tokia zein den argi eta garbi jakiterik ez baldin badago, argazkilariak zehaztu beharko duela adierazi dute.
Argazki guztiak posta elektroniko bitartez aurkeztu beharko dira, eta haietako bakoitzari izenburu bat jarri beharko zaio. Era berean, posta elektronikoz bidalitako mezuan, argazkilariak bere izen-abizenak ere zehaztu beharko dituela azaldu dute; leixarraelkartea@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte argazkiak. Epemuga zein izango den ere argitu dute: 2022ko urriaren 3tik 31ra artekoa. Ondoren, txapelketako epaimahaia azaroan zehar elkartuko da, eta Mendexako Udaleko webgunean argituko dute irabazlea nor den.
Sariak, abenduan. Argazki lehiaketako irabazlea nor den abenduaren 25ean adieraziko dute, urtero egiten den argazki zaharren erakusketan. Irabazleak ehun euroko saria jasoko du; bigarrenak laurogei eurokoa; eta hirugarrenak, ostera, berrogeita hamarrekoa. Dena dela, argitu dute parte hartzaile bakoitzak sari bakarra irabaz dezaleela. Bestalde, antolatzaileek adierazi dute argazkiak “erakusteko eta kopiatzeko eskubidea” izango dutela, lanak udalaren “kultur ondare” bihurtuko baitira.