Etxebarriko V. sari nagusiak hartuko du Euskadiko kadeteen txapelketa
Zapatuan [ekainak 4] 15:00etan lehiatuko dute bigarren urtekoek eta 17:00etan lehen urtekoek.
Markina-Xemeingo txirrindulari elkarteak Etxebarriko Udalagaz eta Amets Txurruka lagunartiek taldeagaz batera antolatu du Etxebarriko V. Sari nagusia. Aurten, gainera, Euskadiko Txapelketa egongo da jokoan kadete mailan, iaz Bizkaikoa jokatu ostean. Hau da, ametsa bete dute antolatzaileek: “Orain Euskal Herrian egonkortu nahi dugu lasterketa, antolakuntza mailaz igo dugu, baina gure laguntzaile sareari esker aurrera eramango dugu”.
218 txirrindularik eman dute izena guztira, beraz, adierazi dute antolatzaileek. Joan den domekan [maiatzak 29] Berriatuko 40. Aitxekutz saria irabazi zuen Gorka Corresek altxa zituen bi besoak helmugan iaz Etxebarriko Bizkaiko txapelketan. “Ibilbidea oso gogorra da kadete mailakoa izateko, normalean desnibel baxuagoa izan ohi dute lasterketek. Irabazi nahi dutenak Gontzugaraiganako mendatean erakutsi beharko dute indartsuenak direla”, aurreikusi dute antolakuntzatik.
Lehen eta bigarren urteko kadeteek banatuta lehiatuko dute. 15:00etan irtengo dira bigarren urtekoak eta aurretik 61,7 kilometro eta 800 metroko desnibel positiboko ibilbidea izango dute. Etxebarritik irtengo dira eta Markina-Xemein, Berriatua, Ondarroa, Lekeitio, Gizaburuaga, Aulesti, Munitibar, Gontzugaraiganako mendatea eta Ziortza-Bolibar zeharkatu beharko dituzte parte hartzaileek Markina-Xemein pasa eta Etxebarrira arte heltzeko.
Lehen urteko kadeteek 17:00etan emango diote hasiera lasterketari eta ibilbide laburragoa eta leunagoa izango dute: 44,5 kilometrokoa eta 600 metroko desnibel positiboa, hain zuzen ere. Etxebarriko hirigunetik irtengo dira eta bidean pasa beharko dituzte Markina-Xemein, Milloiko mendatea, Oleta, Gizaburuaga, Aulesti, Munitibar, Gontzugaraiganako mendatea, Ziortza Bolibar eta Markina-Xemein bigarren aldiz Etxebarriko helmugara arte heldu baino lehen.