Miren Agur Meabe: "Ni, egia esan, ez naiz inoiz ibili sari edo izendapenen bila"
Idazle lekeitiarrak azken hilabeteetan Espainiako 2021eko poesia saria jaso du eta euskaltzain oso eta Lekeitioko ohorezko herritar eta alaba kutun izendatu dute.
Azken hilabeteak oso probetxuzkoak izan dira zuretzako sari aldetik.
Joan den irailetik gaur arte gelditu barik nabil jendaurreko ekitaldiak eginez. Uztailaren erdialderako espero dut nire barrura, eta nire paperei begira jartzea. Urte oso berezia izan da, azaroan Gasteizko haur eta gazte literatura itzulpen saria ere jaso nuen eta Bilboko Udalak Bilboko Ospetsu izendatu ninduen. Urtean lau bakarrik aukeratzen dituzte, eta horien artean egon nintzen. Niretzako, azkenengoa, Lekeitioko ohorezko herritar eta laban kutun izendatzea da esanguratsuena eta gehien estimatzen dudana.
Zelako balioa ematen diezu sari eta izendapenei?
Sariak beti dira sortzailearentzat indargarriak, baina sari mota asko daude. Badira batzuk ospea eta norberaren izena zabaltzen dutenak, liburuen bizitzak luzatzen dutenak ere badaude. Horrez gain, badaude bestelakoak ere, egunerokoak, besteak bezain pizgarriak direnak; adibidez, kaletik noala umeek agur beroa egiten didatenean ni eta nire liburuak errekonozituz. Ikastetxeetako hitzaldietan ikasleak nire lanagaz identifikatuta sentitzen direla sumatzen dudanean. Edozein herritarrek zoriontzen nauenean. Azkenean denak dira indargarriak gure bidean aurrera jarraitzeko. Sari garrantzitsuen moduan hartzen ditugu askotan komunikabideetan agertzen direnak, horiek direlakoan aitortzarik handienak, baina horrek bezain garrantzitsuak dira hurbilekoen eta ingurukoengandik jasotzen ditugun keinuak.
2021eko Espainiako poesia saria jaso zenuen.
Hasieratik azpimarratu dut nire Nola gorde errautsak kolkoan liburuari emandako saria bada ere, nire hizkuntza komunitateari eta oro har euskal kulturari emandako saria dela. Lehen aldia da euskarazko poesia liburu batek saria jasotzen duena, emakume batek idatzitako poesia liburu batek. Ni oso esker oneko eta oso harro nago saria jasotzeagaz, betiere bere balioa gainontzekoei luzatuz.
Espainiko estatuan poesiagintzan jaso daitekeen saririk handiena da.
Urte asko daroadaz idazten eta Euskal Herrian izan naiz eta banaiz idazle ezaguna, baina Espainiako estatuan ez nintzen hain ezaguna. Irakurle askorentzat harridura eta ezustekoa izan da, haiek inondik inora espero ez zuten emakume baten lana nabarmendu dute. Sariak hara eta hona joateko gonbidapenak ekarri dizkit, liburuaren inguruan edo oro har poesiaren inguruan hitz egitera. Joan den astean Madrilen egon nintzen, eta gaurtik aurrera ere bertan egongo naiz liburu azokan. Geratu barik egon naiz negu eta udaberri osoan, egia esan. Batetik, hainbeste tokitan egotea nekagarria da, baina azkenean sariak dakarren ardura horren parte da. Liburua eta poesia bera ere babestu beharra dago, eta horretarako literatur pedagogia garatzea garrantzitsua da, helburuak, idazkera, egitura… dena azaldu behar zaio irakurleari.
Gero, euskaltzain oso izendatu zintuzten. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Ardura bat da. Horrelako izendapen batek distira ematen dio bati, ibilbide bati egindako aitortza bat delako. Ni, egia esan, ez naiz inoiz ibili sari edo izendapenen bila, nire helburua beti izan da nire lana ahalik eta zehatzen, serioen eta ederren egitea, eta gero eskatu barik etorri dira aitortzak. Zelan ez, horrek ere asko pozten nau. Euskaltzain osoaren atzean ardura handia dago. Karguak zerbitzu bat dakar, eta proposamena onartu badut, nire ezagutza eta esperientziatik edozer eskaini ahal izateko da. Askotan lotzen dugu Euskaltzaindia hizkuntza, hiztegiekin edo toponimiaren lanketagaz; oso beharrezkoak diren arloak dira araugintzan eta hizkuntzaren kalitatearen defentsan. Baina badaude beste beharrizan asko, literaturgintzaren sustapenean, adibidez, oraindik asko landu ez direnak, eta bidea egiteko dago. Nire eskuetan dagoena ematen saiatuko naiz.
Xabier Kintana ordezkatuko duzu.
Profilari dagokionez, bestelakoak gara, ez gara konparagarriak. Xabier Kintana historiko bat da, euskara batuaren sorreraren bultzatzaile eta ekintzaile nagusietako bat izan zen hasieratik. Ni, berriz, beste belaunaldi batekoa naiz, eta gehien bat literaturgintzatik jo dut hizkuntzalaritzatik baino, nahiz eta euskal filologa izan. Nik beti diot bakoi-
tzak bere bidea egin behar duela. Bere gaitasunetik edo ahaletatik bere alea jarri behar du.
Bi sari hauengatik eta oro har zure ibilbidearengatik Lekeitiok, zure herriak, ere saritu zaitu: ohorezko herritar eta alaba kutun.
Aitortza hau baino gauza ederragorik ez dago, norberaren familiekin, arbasoekin eta sustraiekin lotuago sentitzeko balio du. Era berean, nire buruari gogorarazteko nondik natorren, azkenean naizena naiz nire inguruan izan ditudanei esker: etxekoak, nire semea, lagunak, irakasleak, herritarrak… hauek denak barik ni ez nintzateke ni izango. Hitza eta nire herria kenduta, nor izango litzateke Miren Agur?. Atsegin handiz jasoko dut aitortza, eta ahalik eta erantzunik zintzoena ematen saiatuko naiz.
Hirugarren aldia da udalak banatzen duena, eta zu zara lehen emakumea.
Azken urteetan ikusten da badagoela joera aldaketa bat sarien banaketan, edozein esparrukoak badira ere. Emakumeak gutxiengoa izan dira, baina orain emakumeok sistemaren periferiatik erdigunera igaro gara pixkanaka, lan handia eginez eta batez ere gure buruetan kontzientzia bilakaera handia egin dugulako azken urteetan. Nire ustez, bakoitzaren lorpena denon lorpena da. Beti aldarrikatzen dut emakumeon arteko ahizpatasuna, gure arteko elkarlana. Bilboko saria jaso nuenean, ohorezko makila bat eman ziguten opari moduan, makila hori niretzako atzoko eta gaurko emakumeok erabili dugun arkatza da, egurrezkoak baitira, eta arkatzak ere aginte makila izan daitezke gure arteko zubiak eraikitzeko. Horrela, zubiak eraikiz, heldu gara ikusgarritasunera. Ez dauka zerikusirik duela 20-25 urte ni idazten hasi nintzenean geneukan egoeragaz. Gure kultur industria eta gure hizkuntz gaitasuna oso bestelakoa zen, baita emakumeon presentzia ere. Pozgarria da benetan aldaketa hori bizitzea.