Oihana Kortazar: "Buruak ez badizu laguntzen ezin da lasterketa bukatu"
Domekan lehiatu zen Golden Trail World Series zirkuituaren baitan dagoen Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta zortzigarren postua eskuratu zuen elgetarrak, 4:41:41 denboragaz. 2011. urtean, lasterketa irabazi zuenean, baino ia bi minutu gutxiagoko denbora lortuz.

Bederatzigarren Zegama-Aizkorria izan da zuretzat, nolako izan zen igandeko eguna?
Oso egun polita izan zen, atera ahal zenik eta hobeen atera zen. Zortzigarren postua eskuratu nuen, eta errendimendu eta nire sentsazio aldetik, lasterketa espero bezala joan zen. Aurtengo nibela paregabea izan da.
Ondo ezagutzen duzu ibilbidea, nola joan zen?
Errendimendu aldetik igandean gertatutakoa, nire haur txikia jaio zenetik gertatzen zait. Hau da, ibilbidearen lehenengo 15-20 kilometro igaro arte ez naiz sentitzen indartsu, erritmoa hartu gabe joaten naiz, baina hori jada normala da niretzat. Banekien Aizkorrira heldu arte ez nintzela nire onena ematen hasiko, eta horrela izan zen. Hamaikagarren postuan igaro Sancti Spiritutik, eta metara zortzigarren sartu nintzen. Lehenengoen erritmoa hasieratik desorbitatua izan zen, eta ez nituen harrapatu, baina orain arte nuen denborarik onena jaitsi egin nuen, 2011. urtean irabazi nuenenean egin nuen denbora hobetu dut. Gehiago esaten dit nire erlojuak, egin dudan postuak baino eta ia bi minutu jaitsi zuen. Kirolari bakoitzak bere burua ezagutu behar du, eta horretara egokitu.
Egokitzea da, hortaz, gakoa?
Gorputzaren funtzionamendua aldatu egiten da, eta nik horren arabera erabakiak hartu ditut. Azken urteetan asko murriztu ditut asfaltoan egindako entrenamenduak, lesio asko ekarri dizkit eta ez zidan konpentsatzen. Asfaltoan entrenatzeak hasierako abiadura hori irabaztea dakar, baina aukeraketa bat da. Lesio txikiak izaten nituen, baina beti zuloak tapatzen ibiltzen nintzen baina eragina du. Eta adinak ere, eragina du, nahitaez.
Urte hasiera gorabeheratsua izan da, lesioak bide.
Bi hilabete geldirik egon behar izan nuen, eta martxoaren amaieran hasi nintzen berriz korrika egiten. Baina Zegamara ondo heldu nahi nuen eta apirilaren 10ean hasi nintzen berri lasterketetan, eta Zegamakoa zazpigarrena izan da. Lasterketetatan parte hartzea zen nire buruari onena exijitzeko modu bakarra.
Igandeko lasterketan egindakotik, zerrekin geratzen zara?
Nire denbora hobetu nuela, eta batez ere, buruari aurre egin niola. Lasterketa hauek istorio osatu bat duen pelikula bat bezala dira, gorabehera asko izaten dituzu bidean, pentsamendu batzuekin hasten zara, karrera aurrera doan heinean mila gauza pasatzen zaizkizu burutik, iritziz aldatzen duzu, zure buruarekin hitz egiten duzu, zertara etorri naiz, zer egin ahal dut eta zer ez, zer nahi duzu..
Fisikoki eta mentalki aurre egin behar zaio erronkari.
Azkenean burua da dena. Fisikoki oso ondo egon harren buruak ez badizu laguntzen, ezin da horrelako lasterketa bat bukatu. Zegama moduko lasterketa batean presioak asko eragiten du, jende asko joaten da ikustera, telebistatik transmititzen ari direla jakitea. Guzti horrekin, lasterketaren lehen uneetan nuen erritmoa kanpotik nola ikusiko zan jakiteak eragina du. Baina une horietan nire buruarengan konfiantza izan eta unean bertan pentsamendu horiei aurre egitea gakoa da.
Presioa handia izaten da.
Presioa beti dago hor, puntu asko egon ahal dira eragiten dutenak, Salomon bezalako talde baten parte izatea, hurrengo lasterketara sartzeko postua eskuratzea, jendea zure zain dagoela jakitea, zure onena eman nahi izatea…
Nola egiten zaio aurre gorabehera horiei?
Erlatibizatu egin behar da, non gauden begiratu, lasterketa hau bukatu ala ez, bihar goizean jaiki eta zure bizitzarekin jarraitu behar duzu. Mundu guztiak nahi du Zegaman parte hartu, suerte handia dugu hor egoteagatik, hortaz, gozatu egin behar dugu.
Lasterketara joan aurretik disfrutatzera zihoazela esan zenuen, lortu duzu?
Lehian ziren pentsamendu asko nituen, nire beldurrak tapatzeko modu bat zan disfrutatzera noala esatea, baina lortu nuen. Disfruta nuen kontziente nintzalako zer ahal nuen egin eta zer ez, eta gorputza trabatuta eduki neban kilometrotan ez nintzalako bera etorri, sinistu nuelako aurrerago hobetu egingo nintzela, eta jendea zegoen lekuan jada ondo nengoen eta uneaz gozatu nuen.
Sancti Spiritu pasartea, zer sentitzen da hortik pasatzean?
Ni desiratzen egoten naiz tramu horietara heltzeko. Lasterketaren lehen zatia nahiko bakartia da. Egia da, aurten, leku guztietan egon dela jendea, baina multzo txikiak izaten dira. Sancti Spiritun badakizu jendea zain dagoela zu heltzeko, eta ikusten dituzunean sentsazioa paregabea da, indarra ematen dizu. Emandako guztia eskertu behar dudala sentitzen dut, babesa itzuli behar dietela ikusleei, eta hori egiten dut. Eskerrak ematen joaten naiz baina, ez naute entzuten.
Hurrengo erronka
Asteburuan, Irati Trailean egongo naiz, datorren astean, National Serieseko L’olla de Nuria (Katalunia) lasterketan. Ondoren, Mont Blanceko maratoia dator, Golden Trail World Series, Zegamaren zirkuituko bigarren lasterketa.