Sarai Goitia militante abertzale lekeitiarrak salaketa jarri du Bilboko Epaitegian
Sortuk “euskal militante independentisten aurkako polizien jazarpena” salatu du.
Sarai Goitia lekeitiarrari elkartasuna eta babesa helarazi dio Sortuk pairatutako “jazarpen berri eta onartezinaren aurrean”. Era berean, “gainerako eragileei eskatzen diegu ez daitezela isildu azaleratzen ari diren jazarpen kasuen aurrean”.
Gaur [ekainak 6] gazte lekeitiarrak Bilboko Guardia Epaitegian salaketa jarri du azken egunetako “jazarpenak” direla eta. Sorturen arabera, Goitiaren kasuak harreman zuzena dauka duela zenbait aste Galder Barbadok salatutako polizia jazarpenagaz: “Barbadok berak argitu zuen beragatik galdezka zenbait dei jaso zituela lagun batek. Bada, Sarai Goitia da lagun hori”. Orduan, Lekeitiarrak dei anonimoak jasotzen hasi zela salatu dute eta “egun batzuetara norbait” sartu zela lekeitiarraren etxebizitzan: “ez lapurretan egiteko, gauzak mugituta antzeman bazituen ere, ez baitiote ezer eraman. Gainera, etxera sartu zitzaizkion egun berean, norbaitek pintaketa bat egin zion autoan: “Hola” jartzen zuen”.
Alderdi abertzaleak dio gertaeren larritasuna azaleratzea “premiazkoa” dela. “ Euskal militanteek pairatzen duten jazarpena gogor salatzen dugu. Azken batean, militanteen aurka beldurra eragin nahian ari dira nazio-askapen prozesua geldiarazteko”.