Bizikidetza, jasangarritasuna eta hezkuntza batuko dituzte Ispasterren
Truke eta bigarren eskuko azoka egingo dute, zapatuan, Ispasterren. Herriko elkarte eta eragileek elkarlanean sorturiko egitasmoa da azoka, eta bertatik ateratako etekina laguntza humanitarioa emateko baliatuko dute.
Zapatuan, truke eta bigarren eskuko azoka egingo dute Ispasterren. Herriko elkarteek nahiz eragileek elkarlanean antolaturiko azoka izango da estreinakoz egingo duten hori. Ispasterko Udalak, Ispasterko Eskolak, Nagusien Elkarteak eta Guraso Elkarteak prestatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz.
Azokaren hazia, antolatzaileek azaldu bezala, herriko eskolan ernaldu zen: “Umeak lurrera botatako zigarro puntez kargutu ziren, eta ohitura kutsagarri horri aterabidea emateko asmoagaz sortu zen zerbait egitearen ideia”. Hastapeneko adibide horri tiraka, baina, azoka ardazten duten gainontzeko helburuak zehaztu zituzten, GarbiƱe Saenz de Buruaga alkateak adierazi duenez: “Egungo kontsumo ereduari kritika egiteko balioko du azokak; gainera, gehien behar dutenei laguntza ekonomikoa emateko ere izango da”.
Saenz de Buruaga: “Gehien behar dutenei laguntza ekonomikoa emateko balioko du zapatuko azokak”
Denetariko eskaintza. Eskolako arduradun Amaia Zabalak eta Maria Arteagak argitu dute hainbat postu egongo direla: “Ortuaren ingurukoak landuko ditugu, eta produktu ekologikoak borondatearen truke salgai egongo dira; bigarren eskuko produktuen salmenta ere izango da, hori ere borondateagatik”.
Arteaga: “Ortuaren inguruko postuko nahiz bigarren eskuko produktuen postuko produktuak borondatearen truke salduko ditugu”
Postuez gain,11:30ean trikitilariek azoka hasiera girotuko dute, eta egun osoan zehar unean egindako taloak salgai egongo dira. Horrez gain, herritar orok eta, batez ere, gaztetxoenek birziklapenaren zikloa ezagutzeko parada izango dute, Bizkaiko Foru Aldundiak babesturiko Birziklatzen ikasten izeneko postua egongo baita.
Zabala: “Azokatik ateratako diru guztia laguntza humanitarioa emateko erabiliko da”
Bertaratzen direnek konposta zelan egin ere ikasi ahalko dute, eskolakoen arabera: “Guraso batek irakatsiko ditu konpostagunearen ingurukoak, eta baliogarria izatea espero dugu, jasangarritasunari begira”. Bestalde, aurreratu dute azokatik ateratako diru guztia laguntza humanitarioa emateko erabiliko dutela.