Herritarrek aurrekontuetan parte hartzea nahi du Markina-Xemeingo Udalak
Galdetegi bidez proposamenak bidaltzeko epea ekainaren 30an amaituko da
Markina-Xemeingo Udalak bigarren urtez jarraian udal aurrekontu parte hartzaileak osatzeko prozesua zabaldu du. Herritarren iritzia jakin nahi dute, eta horretarako, aurrekontuaren zati bat zertan erabiltzeko proposamenak bidali daitezke. “Helburua da markina-xemeindarren lehentasunak ezagutzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea, denen artean Markina-Xemein hobe bat eraikitzeko”.
Ekaina osoan dago aukera proposamenak etxez-etxe banatuko dituzten eta www.markina-xemein.eus webgunean dagoen galdetegia helarazteko, bi bide zabaldu dituzte. Batetik, aurrez aurre udaletxeko Berton bulegoan 08:15etik 14:30era edota udaletxeko postontzian. Bestetik, webgunetik galdetegia jaitsi eta emailez bidaltzea komunikazioa@markina-xemein.eus posta elektronikora.
Markina-Xemeinen erroldatuta dauden 14 urte edo gehiagoko herritarrek parte hartu dezakete aurrekontuen zati baten osaketan. Horrez gain, herriko taldeek eta elkarteek ere proposamenak bidali ahal dituzte, betiere izaera juridikoa baldin badute. Aurten, gainera, herriko eskolekin lanketa egingo du udalak, “herriko gazteei ere prozesuaren berri eman eta euren proposamenak jasotzeko”.
Jakinarazi dutenez, nahi beste proposamen bidali daitezke, ez dago mugarik. “Udalak jasotako guztiak aztertuko eta baloratuko ditu”, azpimarratu dute. Bi baldintza nagusi jarri dituzte. Proposamenak udal-eskumenekoak eta interes orokorrekoak izatea eta ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea.