Lea-Artibain turismoa bultzatzeko aurrekontuak onartu ditu Gobernu Kontseiluak
Jakitera eman dutenez, bi milioi euro bideratuko dituzte Lea-Artibaiko proiektuetara. Dirua Europatik bideratu dituzten Next Generation diru laguntzetatik dator.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2021 eta 2023 urteen bitartean Euskal Herriko hainbat eskualdetan turismoa bultzatzeko aurrekontuak onartu zituen atzo [ekainak 7] Busturiko Ekoetxea Urdaibain egindako bileran, tartean Lea-Artibaikoak. Jakitera eman zutenez, Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen artean sinatutako hitzarmena da.
Hain zuzen ere, bi milioi euro bideratuko dituzte Lea Artibaira, Europar Batasunetik bideratu dituzten Next Generation diru laguntzetatik. Bi miloi horiek aste honetan iritsi dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoara, eta “erabilgarri” daudela azaldu dute.
Zehaztu dutenez, Eusko Jaurlaritzak hiru fasetan jasoko ditu diru laguntzak; oraingoa, lehenengo fasekoa da. Beraz, esan dute, oraindik posible dela etorkizun hurbilean Lea-Artibaira bideratutako diru kopurua handitzea.
Diru laguntza horiek jasotzeko “ezinbesteko baldintza” da Espainiako Gobernuari proiektu bakoitzaren aurkezpen xehatua aurkeztea; beraiek erabakitzen baitute dirua nora bideratu. Gainera, proiektu guztiek honako lau baldintza hauetako bat bete behar dute: eraldaketa jasangarria izan behar du, eraginkortasun energetikoan hobekuntza bat eduki behar du, eraldaketa digitalagaz lotutako aldaketa bat izan behar da edo lehiakortasunagaz zerikusia daukaten ekintzak izan behar dira.
Lea-Artibaira bideratutako aurrekontua zortzi proiektutan banatu da: Garraitz irlara; aterpetxeen eraldaketa jasangarrian; Santa Katalina faroaren konponketa eta digitalizazio ruta egitera; Ispasterren ibilbide berriak eraikitzera eta gobernantzara; Bengolea eta Hiruzubi zonaldeetako eraldaketara; Munitibarko aterpetxeetako efizientzia energetikoa hobetzera; Bengola zentroko edukien digitalizaziora; eta, Bengoleako errota, burdinola eta presaren erosketara.