Markina Shots jaialdiak Rock&Rollaz beteko du Markina-Xemein
Jaialdiak bihartik [ekainak 9] zapatura arte Rock&Rollaz eta garagardoz beteko ditu herriko kaleak egitarau oparoagaz.
Markina Shots jaialdia antolatu du beste behin izen bereko elkarteak bihartik [ekainak 9] zapatura arte. Markina-Xemeingo kaleak Rock&Rollagaz eta garagardoagaz bete nahi dituzte. Egitarau oparoa prestatu dute hiru egunetan mota askotako musika eta ekintzekin. “Talde desberdinak ekartzea da gure berezitasunetako bat, Rock&Rollaren barruan mota asko daude eta denak hartu nahi ditugu gurean. Rock&Rolla zabaltzea da azkenean gure helburua, ez ditugu ateak ixten, blues, hardcore, klasikoa… denak ditugu gustuko”, adierazi dute antolatzaileek.
Ez-Tarrak, hau da, Xabi SR eta lagunak, arituko dira bihar 20:00etatik aurrera herriko kaleetan zehar. Babelen hasiko dute ibilbidea eta herriko zenbait gune hartuko dituzte, beste urte batzuetan ibili ez diren beste batzuk, “aldatzen joateko da, jaialdia are gehiago zabaltzeko”.
Barikuan lehenago hasiko dituzte ekintzak. 19:00etan herriko kale eta tabernetan joko du Orkresta taldeak, lehenengo elektrotuna taldeak. Behin kontzertu ibiltaria amaitu ostean, kontzekupean batuko dira II. Markina-Xemeingo Rock&Roll kontzertu lehiaketako finalerako. Aurten hamabost taldek baino gehiagok eman dute izena eta elkarteko epaimahaiak bi gustukoenak aukeratu ditu: Stupid Fuckin People eta Rumbling Lips. “2019an antolatu genuen lehen aldiz txapelketa, harrera ona izan zuenez, aurten errepikatzea erabaki dugu”, adierazi dute antolatzaileek. Talde bakoitzak gehienez hiru abesti aurkeztu ahal izan ditu eta epaimahaiak bi talde finalisten “musika landuagoa” nabarmendu du. 21:30ean, berriz, zuzeneko kontzertua bera izango da aztertuko dutena irabazlea aukeratzeko.
Barikuan ere txosna zabalduko dute, eta zapaturako ere zabalik mantenduko dute kontzekupean, kontzertuen ondoan. Bertan, artisau garagardoak dastatzeko aukera zabalduko dute Garai eta Saltus garagardoegileen eskutik. Jakinarazi dutenez, barikuan latak jarriko dituzte salmentan eta zapatuan tiratzailea ere egongo da erabilgarri.
Zapatuan 12:00etan Crazy Jazzers & Little Harlem Swing eskola taldeak arituko dira Zelaiko arkupeetan. Iazko arrakasta ikusita, aurten ere Swing eskolagaz errepikatu nahi izan dute. Horrez gain, irakasleak diren heinean, dantza egiteko eta parte hartzeko aukera zabalduko dute. Markina Shots elkartekoek ostabe galdu ez nahi izan dutena II. Korribeer txapelketa izan da. Parte hartu nahi dutenek egunean betan eman beharko dute izena txosnan. Formatua erraza bezain kuriosoa da, korrikalariek 800 metroko zirkuituari hiru itzuli eman beharko diete eta bakoitzean garagardo handi bat edan. “Baten bat badakigu entrenatzen aritu dela eta guzti, herritarren artean borrokak daude”, aurreratu dute. 2018an antolatu zuten lehen aldiz, “azkenean gaur egun asko dira egunero korrika egiten ateratzen direnak, modan dago, eta aldi berean, denoi gustatzen zaigu garagardoa, beraz, ez dago biak batzeko baino ideia hoberik”. Lehenengo emakumeak eta gizonak sariak jasoko dituzte, txapela eta garagardoak, hain zuzen ere.
XVII. Markina Shots jaialdiari 20:00etan emango diote hasiera. Hiru talde gonbidatu dituzte: Bakioko Elortegi Anayak taldea, Kantabriako Los del Tonos eta Herrialde Katalanetatik etorriko dira lehen aldiz Euskal Herrira The Sick Boys. Talde bizkaitarrak 2019ko lehenengo Markina-Xemeingo Rock&Roll kontzertu lehiaketako irabazleak izan ziren eta orain jaialdia nagusian joko dute. Hiru taldeek, gainera, diskoa kaleratu berri dute azken asteetan eta haien kanta berriak aurkeztuko dituzte.
Pixkanaka Markina Shots jaialdiaren izena zabaltzen doa. “Lehen gu ginen taldeen atzetik ibili behar ginenak deiak egiten, baina orain gero eta gehiago dira gugana datozenak”, esan dute. 2018an erabateko aurrerapausoa eman zuten, Uhagon kultur gunea alde batera utzi eta herriko kaleetan zehar zabaltzeko erabakia hartu zuten, ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko helburu argiagaz. Egun kopurua ere handitu handitu zuten, egun bakarretik hirura pasaz. Markina Shots elkarteak antolatzen duen jaialdiaren parekorik Euskal Herrian, Rock&Rolla eta garagardoa uztartzen duenik, “elkar lotuta doazen bi gauza dira”.
Markina Shots azkenean jaialdi herrikoia da, Rock&Roll familiaren artekoa. Horren adibiderik onena da zapatuetan musika talde denekin antolatzen duten bazkaria, elkartearen egoitzan batzen dira eta musikaren inguruan hitz egiteko, “taldeek asko eskertzen duten zerbait da hurbiltasun eta berotasun hori”. “Ezin dugu lehiatu beste jaialdi batzuen aurrekontuekin, baina gure tratua ere ez da beste edozein tokitan aurkitzen”.
Azken urteetan partaide berriak sartu dira elkartean, gazteak batez ere, eta ideia berriak ekarri dituzte. Horrez gain, “beti laguntzeko prest” dauden kideak dira, azken batean denek dute arduratu behar garen arlo bat. Markina Shots elkartekoek eskerrak eman nahi izan dizkiete herriko dendari, merkatari eta tabernei eskainitako laguntza denagatik. Markina-Xemeingo Udalak eta herriak lagatako musika jotzeko lokala zabaldu izanagatik “eskerrak emateko” modu bat dela jakinarazi dute.