Markina-Xemeingo Udalak II. berdintasun plana onartu du
Martitzenean [ekainak 7] aho batez onartu ostean, bihar [ekainak 9] aurkeztuko dute.
Markina-Xemeingo Udalak 2015ean diseinatu zuen I. berdintasun plana, baina planaren indarraldia agortu eta gero udalak 2022-2025 aldirako beste plan bat bideratu du. Martitzenean [ekainak 7] egindako osoko bilkuran onartu zuen aho batez udalak emakume eta gizonen berdintasunerako II. plana.
Bigarren plan hori aurkeztuko dute bihar [ekainak 8] 18:00etan, Esperantza aretoan. Horrez gain, Berdintasun batzordea datorren eguenean [ekainak 16] elkartuko da 18:30ean, kultur aretoan.
“Helburua da udaletik herrira burutzen diren ekintzetan berdintasun ikuspegia txertatzea”, zehaztu dute. Horretarako, eragile desberdinekin elkarlanean aritu dira, guztira elkarte eta gizarteko arloko 25 eragileren ekarpenak jaso dituzte. Bide hori osatzeko, udala Murgide Aholkularitza lan taldearen gidaritzapean egon da.
Pausoak. Markina-Xemeingo Udala berdintasunaren alde lan egiten jarraitzen, adibidez, aurten lehen aldiz dute berdintasun teknikari bat. Gainera, udaleko langile, tekniko eta politikarien arteko berdintasun formakuntza lantzen dago: “berdintasunari lotutako oinarrizko ezagutzetan zein komunikazio berdinzalean trebatu dira langile eta politikariak”.
Era berean, zaintzari eta erantzunkidetasunari buruzko azterlan bat egiten ere ari dira, lana eta familia bateragarria izateko helburuagaz: “zaintza lanen errealitatea ezagutu nahi dugu, beharrak, ezaugarriak edota azken urteetako aldaketak”. Galdetegi bat banatu dute etxez etxe eta uztailaren 7a amaituko da aurkezteko epea. Udaletxeko Berton bulegoan, 08:15etik 14:30era, liburutegian, 11:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 19:00era, edo berdintasuna@markina-xemein.com posta elektronikora bidalita.