Berriatuko XLI. San Gregorio saria lehiatuko dute Euskaldun Txapelketaren barruan
Zapatuan [ekainak 11] 15:30ean ekingo diote txirrindulariek VII. Asier Aranceta memorialari
Berriatuko XLI. San Gregorio sariak hartuko du Euskaldun Txapelketako proba, hau pasata beste bi bakarrik izango dituzte elite eta sub23 mailetako txirrindulariek. Pelotoiak 127,2 kilometroko ibilbide malkartsua izango du aurretik sei mendate puntuagarrigaz.
137 txirrindularik eman dute izena Berriatuko Txirrindularitza Elkarteak antolatutako VII. Asier Aranceta memorialean. Sei gane pasa beharko dituzte parte hartzaileek, hirugarren mailako Mereludi hiru aldiz pasa beharko dute, Mendexara arteko bigarren mailako igoera beste bi aldiz eta maila bereko Asterrika auzoko aldatza baten. Irteera 15:30ean izango da Berriatuko plazatik eta hurrengoko ibilbidea osatu beharko dute: Plazakola, Mereludi, Oleta, Lekeitio, Ondarroa, Berriatua, Plazakola, Mereludi, Oleta, Lekeitio, Ondarroa, Berriatua, Plazakola, Mereludi, Oleta, Lekeitio, Mendexa, Berriatua, Plazakola, Mereludi, Oleta, Lekeitio, Mendexa, Asterrika auzoa eta Berriatuko helmuga.
Ondo bidean, Mendexako eta Asterrika auzoko igoerak izango dira erabakigarriak. Euskaldun Txapelketako sailkapen nagusian Laboral Kutxa Euskadi Fundazioa da jaun eta jabe, lehen hiru txirrindulariak talde honetakoak izanda. Liderra Xabier Berasategi da 141 puntugaz, bigarren Enekoitz Azparren 118gaz eta hirugarren Aleitz Sala 87gaz.
Iaz ere Laboral Kutxa Euskadi Fundazioko txirrindulari batek irabazi zuen Berriatuko San Gregorio saria, Chales Etiennek, hain zuzen ere. World Tour pelotoiko izen handiek lortu dute garaipena Berriatuko helmugan, Abraham Olanok 1992an, Mikel Astarlozak 2001an, Jonathan Castroviejok 2007an edota Mikel Bizkarrak 2014an.