Markina-Xemein eta Munitibar aurrez aurre ariko dira Bizkaiko herriarteko esku pilotako finalerdietan
Joaneko partidak zapatuan [ekainak 11] Uni frontoian jokatuko dituzte eta itzulikoak hurrengo domekan [ekainak 19], Munitibarren
Lea-Artibai eskualdeko bi taldeak sartu dira Bizkaiko herriarteko lau onenen artean eta elkarren aurka jokatuko dute Zaldibarko ekainaren 26ko finalerako txartela. Beste finalerdia Lezamak, iazko txapeldunak, eta Zeanurik jokatu dute.
Txapelketa honetan guztira sei partida jokatzen dituzte hiru maila desberdinetan, haur, gazte eta nagusi mailetan, eta joan-etorriko formatua dauka. Sei partidetatik gehien irabazten dituenak egiten du aurre kanporaketan, eta berdinketaren kasuan tanto gehien egin dituenak.
Munitibarko pilota elkartea bere bigarren finalaren bila joango da, azkena 2016an jokatu zuten eta, hain zuzen ere, Markina-Xemeinen aurka galdu. Aurten, Mungia nagusitasunez kanporatu zuten final zortzirenetan bost partida irabaziz eta bakarra galduz. Final laurdenetan, berriz, gogotik egin behar izan zuten lan Iurretari irabazteko. Nagusien mailan lortutako bi garaipen handiri esker egin zuten aurre, haurretan bi partidak galdu baitzituzten eta gazteetan bat irabazi eta bat galdu. Horrenbestez, berdinketa eta munitibartarrek tanto gehiago egiteagatik sailkatu ziren finalerdietarako.
Markina-Xemeinek bestelako bidea izan du. Iazko finalista izateagatik markina-xemeindarrak final laurdenetan sartu dira herriarteko txapelketan. Zornotza izan zuten aurkari eta nagusitasunez gainditu zituzten, sei partidetatik bakarra galduz, haurretan etxean jokatutakoa eta 21-22ko emaitzagaz, hain zuzen ere. Markina-Xemeingo taldea sei aldiz izendatu da Bizkaiko herriarteko txapeldun, azkena 2018an. Hori gutxi ez, eta azken hamairu finaletan hiru aldiz bakarrik huts egin dute.
Finalerdi orekatua espero dute bi taldeek, tanto bakoitzak urrezko balioa izango du. Haurretan Markina-Xemeinego taldeak aukera gehiago badituen ere, gazteetan Munitibar da faborito, beraz, nagusien mailak erabaki dezake finalerako txartela.