Etxebarriko Ganadu Azokak 'kalitate handiko animaliak' plazaratu ditu berriro ere
Animaliak ikustera joan direnak, abeltzainak, abereak erosteko interesa zutenak… Horiek guztiek bat egin dute gaur [ekainak 11] Etxebarrian egin den Ganadu Azokan.
Etxebarriko Galartza industrigunea abeltzainen topagune bihurtu da gaur [ekainak 11] berriro. Herriko abeltzain zein ingurukoak hurreratu dira Etxebarriko Udalak antolatu duen Ganadu Azokara, bertan egon den eskaintza zabala ikusi, eta adostasunera ailegatuz gero, salerosketa tratuak egin asmoz. Horiez gain, asko izan dira baita ere, azokako animaliak ikustera animatu diren herritarrak eta inguruko herrietako bizilagunak.
Asko egon da ikusteko. Ardi eta ahari zein ahuntz eta aker aldrak, etxeko abere eta txakurrak, eta batez ere, behiak, behorrak, zaldiak, poniak eta astoak. Etxebarrikoa plaza ona izan ohi da, eta gaur ere, “kalitate handiko animaliak” egon direla azpimarratu dute abeltzainek.
Goiza lasai joan da, eta animaliak sokan lotuta egon dira ikusgai 14:00 inguruak arte. Poni batek eragin du une batez, zurrunbiloa. Apur bat urduri jarri eta ondoan zituen beste poniei eta zaldiari ostikoak ematen hasi da, baina berehala gelditu dizkiote oinak, soka beste modu batera lotuta.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Ekoizleen produktuak. Azokara hurbildu direnek, gainera, animalien erakusketaren ondoan, bertako ekoizleen produktuak ere aurkitu dituzte. Hala nola, gazta, eztia, kontserbak, gozoak, ogia, ozpinetan ondutako poteak…
Goiz polita atera da, eta musikagaz lagunduta, asko izan dira txosnaren ondoan ipinitako mahaietan jarri eta tragotxoa eta mokadutxoa hartu dutenak.