"Markina-xemeindarron ardura da egoera hau aldatzea, salatzea, ez onartzea eta emakumeak babestea"
Manifestazio zaratatsua egin zuten atzo [ekainak 10] Markina-Xemeinen, azken bi hilabeteetako indarkeria matxista kasuak salatzeko. Aldaketa "herritik" hasi behar dela azpimarratu zuten.
Bi hilabete eta gero, berriro ere, manifestazio zaratatsu batek zeharkatu ditu Markina-Xemeingo kaleak indarkeria matxistaren kontrako protesta egiteko. Bi hilabeteko tarte horretan eraso gehiago eman direla-eta atera ziren kalera markina-xemeindarrak.
Morelarre eta Bagaittun talde feministek deitutako mobilizazioak Arkupetik irten eta alde zaharreko kaleetan zehar zabaldu zuen Herritxik hasitxe, indarkeria matxistari planto! aldarria. Hain zuzen ere, azpimarratu zuten, indarkeria matxistari herritik hasi behar zaiola aurre egiten. “Markina-Xemeinen ere, erasoak jasaten ditugu. Herriko gizonak, herriko semeak, herriko emakumeen kontra oldartzen dira. Bitartean, herriak erasotzaileak babesten jarraitzen du. Emakumearen berba zalantzan ipini, epaitu eta sozialki baztertzen da. Eta zelan ez, herriaren sententzia beti da emakumearen kontrakoa”.
Kezka agertu zuten gertatzen ari diren erasoengatik, eta gaineratu zuten ez daudela prest emakume bakar batek ere horregatik sufritzen jarraitzea onartzeko: “Indarkeria matxistak aurpegi asko ditu. Zer da ba, bikotea kontrolatzea? Taberna baten deseroso sentidu eragitea? Zure berbea kontutan ez hartzea? Zer dira ba, tratu txar psikologikoak? Erasotua izan zaren edo ez beste batzuk erabakitzea? Zure seme-alabak, tratu txarren emaile den aita baten eskuetan laga beharra? Mehatxu zoliak, isolamendu soziala … Hemen be zerrenda luzea egin genezake. Guretako zenbatek esan dezakegu ez dugula sekula horrelakorik bizi izan? Eta zenbaitek esan ahal du ez duela inoiz horrelakorik egin? Kontua da, ez dagoela eskubiderik gure herriko biztanleria erdiak hori guztiori jasan behar izateko. Ez dugu beldurragaz bizi nahi”.
Biolentzia estrukturala. Amaierako ekitaldian irakurritako agirian ere ez ziren ahaztu biolentzia estruktural eta sistematikoa salatzeaz: “Eraso bat dagoen momentuan, ustez gu babesteko dauden tresnak, erasotzaile bihurtzen dira. Poliziarengana salaketa ipintzera joan eta… seguru zaude salaketa ipini nahi duzula? Seguru zaude hori pasatu dela? Epaitegira helduz gero, zer zeneukan jantzita? Zeintzuk proba dituzu? Gero datoz gertaera kontatzen duten komunikabideak; erasotzaileak beti ustezko eta beti bizilagun jator eta langileak bezala irudikatzen dituzte eta hemen ere emakumearengan jartzen da fokua, eta berdintasuna aldarrikatu, eta ustez lehenesten duten erakundeek ere, eraso batzuen aurrean argazkia atera bai, baina horri aurre egiteko ipintzen dituzten baliabideak eta borondatea ez dira nahikoa”.
Manifestarien hitzetan, markina-xemeindarren ardura da egoera hori aldatzea, salatzea eta emakumeak babestea. “Herriak babesten ez bagaitu, elkar babesten ez bagara, bi hile barru hemen elkartu beharko gara berriro. Jakin dagizuela, guretzako balio duen berbea beti zuena izango dela, eta Markina-Xemeinen ere elkartasun feminista izango da gure arma”.