Gorka Sorrarainek irabazi du Berriatuko XLI. San Gregorio saria
Baque taldeko txirrindulariak altxa zituen besoak zapatuan [ekainak 11] 127,2 kilometroko ibilbidearen ostean.
Ikuskizuna eta emozioa ziurtatu du beste behin VII. Asier Aranceta memorialak. Ez du hutsik egin. Berriatuko txirrindulari elkarteak antolatutako zapatuko [ekainak 11] Berriatuko XLI. San Gregorio sariak Euskaldun Txapelketako 14. proba hartu zuen.
Azkenean 105 txirrindulari izan ziren Berriatuko irteera lerroan aurkeztu zirenak eta 59 lasterketa amaitu zutenak. Ibilbide malkartsu eta gogorrak min handia eragin zuen parte hartzaileen hanketan, sei mendate ziren puntuagarriak eta erritmoa oso bizia izan zen.
Bigarren itzulian 20 txirrindulariko ihesaldi bat sortu zen, pelotoia kontrolatu ezinik aritu zen eta minutu bateko tartea zabaldu zuten aurrekoek. Denbora murrizteko taldearen ezintasunaren aurrean, pelotoiko indartsuenek aurrera egin zuten Mendexako lehen igoeran eta bat egin zuten ihesaldikoekin. Mendexako azken igoeran multzo are eta gehiago bakartu zen eta zortziko taldea soilik sortu zen. Oraindik bidea zuten aurretik, Asterrika auzoko azken mendatea beste behin erabakigarria izango zen. Hala izan zen. Gorka Sorrarainek, Mulu Hailemichaelek, Ander Ganzabalek eta Iñaki Diazek jokatuko zuten garaipena Berriatuko kaleetan.
Ia hiru orduko lasterketa esprintean erabaki zen eta azkarrena Baque taldeko Gorka Sorrarain izan zen, Eiser-Hirumet taldeko Ander Ganzabal izan zen bigarren eta Caja Rural-Alea taldeko Mulu Hailemichael hirugarren. Ganzabal izan zen, hain zuzen ere, 23 urte azpikoen artean onena. Lasterketaren gogortasunaren seinale, txirrindulariak bakarka helmugaratu ziren, ez zen multzo handirik izan. Mendiko sariko irabazlea Iñigo Gonzalez izan zen eta Lea-Artibai eskualdeko lehen txirrindularia, berriz, Baque taldeko Beñat Onaindia, 11. postuan. Tarteko helmugetan bizkorren Imanol Alvarez izan zen.