Inoizko jende gehien batu da Oletako jaietan
Gaur [ekainak 13] emango dituzte amaitutzat jaiak, aspaldiko astelehenik luzeenagaz.
Inoiz baino indartsuago itzuli dira Amorotoko Oleta auzoko jaiak. Jai batzordeko antolatzaileek jakinarazi dutenez, inoizko jenderik gehien batu da aurtengo jaietan. Eta oraindik bidea dute egiteko. Gaur [ekainak 13] amaituko dira Oletako jaiak inoizko astelehen gau luzeenagaz.
Zapatuan [ekainak 11] jaiei hasiera emateko ohiko tortilla txapelketa antolatu zuten jai batzordekoek. Herritarren arteko batasuna eta harremanak sendotzeko balio du eta lehiakortasuna alde batera uzten dute, kasu honetan. Guztira, lan askoren ondoren, hamairu taldek eta norbanakok aurkeztu zuten tortilla. Indarrak hartzea funtsezkoa zen gau osoan dantza egin ahal izateko. Beroketa lan horietarako ondo baino hobeto etorri zen einGO taldearen musika.
Jende pilo bat batu zen Oletan, inoizko jenderik gehien. Aurten kontzertu gehiago jartzeko apustuak ezin izan du emaitza hoberik eman. “Balantzea ezin izan da positiboagoa izan, giro bikaina egon zen zapatuan, asko izan ziren guregana hurbildu zirenak kontzertuetaz gozatzera”. Alde horretatik, jai batzordeak 22:00etatik 06:00etara jarritako autobus zerbitzuak asko lagundu zuen, oso mesedegarria izan zen inguruko herritarrek segurtasun gehiagogaz Oletara arte hurbildu ahal izateko. Gababus zerbitzuak ere uda denboraldiko bere bigarren irteera osatu zuen eta asko izan ziren Lea-Artibaiko herri desberdinetatik Amorotora arte joan zirenak. Silitia taldeak kontzertua eskaini eta gero Oxabi erromeriak bertaratu zirenen “zoramena” eragin zuen, jai giroa erabat eztanda eginez.
Gaua luze joan bazen ere, domekarako [ekainak 12] oraindik beste hainbat ekintza zeuden. 12:00etan Oletako zelaian meza egin bazuten ere, arratsalderako zeuden jarrita ekimen nagusiak. Herri kirolen hutsunea “pentsa baino gutxiago” eragin zuen eta herritarrek Arta-Nagusi dantza taldearen ikuskizunaz asko gozatu zuen. Horrez gain, Mexico Internacional mariatxi taldearen kontzertuak harrera oso ona izan zuen.
Antolatzaileek jaietako rifen zozketako zenbaki irabazleak eman dituzte jakitera. Ibai-gane tabernako bazkariaren eta urdaiazpikoaren irabazlea 0679 zenbaki izan da, eta ordezkoa 2338. Klaudio tabernako bazkariaren eta beste urdaiazpikoaren irabazlea, berriz, 1026 zenbakiduna, eta ordezkoa 1415. azkenik Epermendi tabernarako bazkaria 1048 zenbakiak irabazi du, ordezkoa 1358 izanik.
Amaitu barik. Gaur arte luzatu nahi dute Oletako herritarrek jai giroa, asko gainera. Aurten bi kontzertu jarri dituzte, “gaua ohi baino luzeagoa izateko esperantzagaz”. Aldatu ez dena, berriz, arratsaldeko umeen jolasak eta puzgarriak izan da. Gainera Bat, bi, hiru festak!-ek girotuko dute txikienen aisialdia. 22:00etan hasiko dira kontzertuak, lehendabizi Luhartz egongo da oholtzan, eta gero, DJ Bull. Oletako Jai Batzordeak Lekeitiotik autobusa jarri du gaurko ere, 22:00etatik 06:00etara egongo da.