Markina-Xemein 2-1 aurreratu da Munitibarren aurka esku pilotako herriarteko finalerdian
Haur eta nagusien mailan lortu zituzten garaipenak zapatuko [ekainak 11] joaneko partidetan.
Pronostikoak bete ziren Markina-Xemein eta Munitibarren arteko Bizkaiko herriarteko eskupilotako finalerdian. Joaneko partidak jokatu zituzten zapatuan [ekainak 11] Uni frontoian giro bikainagaz. Kanporaketa eta finalerako txartela, berriz, domekan [ekainak 19] erabakiko dira Munitibarko frontoian.
Markina-xemeindarrak 2 eta 1 aurreratu ziren Munitibarren aurkako finalaurrekoan. Haur mailako lehen partidan erabateko nagusitasuna erakutsi zuten etxean jokatzen zutenek eta 22-0ko markagailuagaz hartu zituzten mendean. Gazteetan, berriz, guztiz kontrakoa. Munitibatarrak, espero bezala, gehiago izan ziren eta 8-22 irabazi zuten. Dena erabakitzeke geratu zen nagusien mailako partidarako. Markina-Xemeingo taldeak aurrea hartu zuen nabarmen 21-8 aurreratuz, baina Munitibarkoek estutu egin zuten azken txanpan eta 22-18 amaitzea lortu zuten. Berdintasuna ikusita dena erabakitzeke geratzen den datorren domekarako.
Eskolartekoak. Domekan [ekainak 12] Markina-Xemeingo esku pilota taldeko 44. eskolarteko txapelketako finalak jokatu ziren. Haurretan Amets Alvarezek eta eta Peio Arrizabalagak 18-12 irabazi zuten Unax Arrizabalaga eta Unax Urzelairen aurka. 13 eta 14 urtekoen artean, Jon Cidek eta Iker Otxoantezanak 18-14 hartu zituzten mendean Joseba Mandaluniz eta Unax Albizu. Benjamin mailan, berdintasuna izan zen nagusi eta lehen zein bigarren urtekoen partidak 18-17ko emaitzagaz amaitu ziren, Unax Aranzadik eta Martzel Nicolasek Ortzi Rotaetxeren eta Aner Salinasen aurka eta Pello Olabarriak eta Jon Ibarzabalek Ekain Ugaldea eta Amets Larrinagaren aurka. Txikien mailan, Estebe Urizarbarrenak eta Joel Txurrukak 18-12 irabazi zieten Naia Zelaia eta Orhi Roblesi. Antolatzaileak “oso pozik” agertu dira txapelketaren jardunagaz eta emaitzagaz eta gogoratu dute uztailaren 10ean federatuetako finalak jokatuko direla.