Ondarroa Bizkaiko txapeldun izendatu da, Lekeition
Domekan [ekainak 12] jokatu ziren Bizkaiko Txapelketetan Bermeo nagusitu zen gizonezkoetan eta Mundaka beteranoetan .
Bizkaiko Arraun Federazioak Bizkaiko Txapelketa aurreratzeko erabakia hartu zuen. Udako aste bitartean jokatu beharrean, denboraldia hasi baino lehen kokatu zuten eta denak agertu ziren pozik erabakiagaz. Ondarrutarrak batez ere. Domekan [ekainak 12] Lekeitioko estropada gunea gogorra izan zen, ur asko zebilen eta olatuak altxa ziren.
Emakumezkoak 11:30ean ekin zioten lanari, txanda bakarra antolatu zen bakarrik hiru taldek eman zutelako izena: Ondarroak, Portugaletek eta Deustuk. Faborito nagusia Bilboko tomateroak baziren ere, ondarrutarrek lehen luzean maila oso altuan egin zuten arraunean eta eutsi egin zuten. Ziaboga bakarrera berdinduta iritsi ziren, bien arteko lehia zen, Portugalete atzean geratu zen lehen paladetatik. Bigarren luzean, berriz, ondarrutarrek maila mantendu ez ezik, igo egin zuten.
Lekeitioko ur nahasietan eroso egin zuen arraunean Antiguako Amak, olatuak nahieran hartu zituen, bata bestearen atzetik, eta bakoitzagaz Deustukiko zuloa handitzen eta handitzen zuen. Azkenean 12:08:91ko denbora eskuratu zuen Ondarroak, 22 segundora heldu ziren bilbotarrak eta bi minutu eta hamalau segundora Portugalete. 2020an lortutakoa errepikatu du Antiguako Amak, bigarrenez izendatu da Ondarroako Arraun Elkartea Bizkaiko txapeldun.
Faboritoak nagusi. Gizonezkoetan, ondarrutarrak hirugarren izan ziren. Bermeo gailendu zen Lekeitioko ur nahasietan eta arraun elkartearen 13. Bizkaiko Txapelketa irabazi. Isuntza bosgarren izan zen. Gizonezkoen proban ere itsasoak eragin handia izan zuen, guztira hamar traineruk parte hartu zuten, hiru txandatan banatuta. Lehendabizikoan, Portugalete, Deustu eta Busturialdea aritu ziren, bigarrenean Arkote, Isuntza eta Kaiku, eta ohorezko txandan, Santurtzi, Ondarroa, Zierbena eta Bermeo.
Lehia ikusgarria eskaini zuten bi faborito nagusiek azken txanda, Bermeok eta Zierbenak, hain zuzen ere. Nor baino nor borrokatu zuten lehen paladetatik. Lehenengo luzean bermeotarrek aurrea hartu bazuten ere, itzulerako luzean Zierbenak olatu gehiago eta hobeto baliatu zituen. Hala ere, Galipoek ez zuten lortu estropada erabat apurtzea eta bizirik mantendu ziren Iker Zabalak entrenatutakoak. Hori gutxi ez, eta hirugarren eta azken ziabogarako lehen postua berreskuratu zuten, traineru erdi baino gutxiagogatik. Hori izan zen gakoa, azken luzean Bermeok metro gutxi horiengatik Zierbenak harrapatu ezin izan zituen olatuak hartu zituen eta ihes egin zuen. Azkenean bederatzi segundoko zuloa zabaldu zuten.
Ondarroa hirugarren izan zen, beraz, Euskadiko txapelketarako txartela lortu zuen. Isuntza laugarren postuaren bila lehiatu bazuen ere, ezin izan zuen bigarren txandan Kaiku menderatu eta bosgarren postuagaz konformatu behar izan ziren, 43 segundora. Lekittararen atzetik geratu zen Santurtzi Eusko Label ligako iazko txapelduna minutu bat eta sei segundora. Zazpigarren izan zen Arkote minutu bat eta hamabost segundora, zortzigarren Busturialdea minutu bat eta 50 segundora, gero, Deustu bi minutu eta 20 segundora eta azken postuan Portugalete bi minutu eta 57 segundora.
Beteranoetan Mundakak eskuratu zuen Bizkaiko Txapelketa. Mundakarrek borrokatu estua izan zuten Getxogaz estropada osoan, baina azken txanpan gehiago izan ziren eta hiru segundorengatik garaipena eskuratu zuten. Plentzia izan zen hirugarren 18 segundora, Iberia laugarren 29ra eta Bilbo bosgarren 37ra.