Larra 2022 espeleologia espedizioa babesteko kamisetak
Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldeko hamar kideek parte hartuko dute espedizioan, eta finantziazioa lortzeko kamisetak jarri dituzte salgai, hamar euroren truke.
Euskal Espeleologoen Elkargoak antolatuta, Larra 2022 espeleologia espedizio zientifikoa burutuko dute uztailaren 31tik abuztuaren 15era Ilaminako ateetako leizean; Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldeko kideek baieztatu dutenez, taldeko 10 kidek ere parte hartuko dute espedizioan.
Euskal Herri mailako espeleologo esanguratsuez gain, Espainia eta Europa mailako espeleologoak ere batzen dira Larrako espediziora. Larran burutzen da espedizioa, Pirinioetan, oinarrizko kanpamendua Portillo Larrako zuloan ezarriko dute, eta bertatik espeleologoak lurrazaletik 1.000 metro azpira jaisten dira, bertan beste kanpamendu batzuk ezartzeko. Talde bakoitzak 5 egun egiten ditu espedizio kanpainan, eta ondoren beste batzuk sartzen dira, txandakatuz.
Guzti hori egiteko, aurrelanketa handia egin behar da, eta hain zuzen ere, asteburu honetan hasiko dira jada beharrezko materiala kanpamendura igotzen, espedizioa hasten denean guztia prest egoteko. Burumendiko Espeologia Taldeakoek hirugarren urtez parte hartuko dute proiektuan, eta aurten, hamar izango dira parte hartuko dutenak; “Zazpi ikerketa lanetan ariko dira, lur azpian 1.315 metroko sakoneran. Beste hirurak koordinatzaile lanetan arituko dira, bat komunikazioan, bestea intendentzian eta hirugarrena, koordinatzaile orokorra izango da”. Espedizioa burutzeko azpiegitura asko behar da, hortaz, finantziazio bide bat bilatu beharra izaten dute.
Kanpaina aurrera eraman, eta aurtengo helburuak bete ahal izateko baina, helduentzako eta haurrentzako kamiseta urdinak ipini dituzte salgai, 10 euroren truke. Burumendiko kideek materiala Mutrikun ere lortzeko aukera zabaldu dute.
Eskaerak egiteko azken eguna eguena da [ekainak 30]. Interesa dutenek larraespeleo@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzi beharko dute. Eskaera egiterako orduan kamiseta kopurua eta horien neurria adierazi beharko dira, eskatzailearen izen-abizenekin eta kontakturako telefono zenbaki batekin. Kamiseten ordainketa honako kontu korrontean egin behar da: ES69 3035 0070 18 0700060867.