Down sindrome fundazioari laguntzeko pedalkadak emango dituzte Lekeitioko Ikastolako ikasleek
Bizikleta gainean ariko dira ikasle, irakasle, guraso eta nahi duenak bihar [ekainak 16] 09:45etik 17:45era.
Lekeitioko Azkue ikastolako BDH2ko ikasleek Zerbikas fundazioagaz eta herriko hainbat elkartegaz aurrera eramandako ekimena da. Zerbikas ikasketa eta zerbitzu solidarioa sustatzen duen proiektua da eta ikasturte osoan egon da ikasleekin lanean Down sindromea aztertzen hainbat ikuspegitik. “Helburua da ikasketa beste maila batera eramatea, ikasleek komunitateari zerbitzu bat eskaini ahal izatea, horrek dakarren lan eta azterketa guztiagaz”, zehaztu dute.
Ikasturtean Euskal Herriko down sindrome fundazioa eta beste adimen urritasun batzuekin elkarlanean hainbat ekintza antolatu dituzte. Fundazioko kideak, esate baterako, Lekeitiora arte hurbildu ziren ikasleekin zuzeneko hartu-emana izan ahal izateko. Ikasgelan ere down sindromea alde biologikotik ere aztertu izan dute.
Bihar [ekainak 16] ikasturte osoko lana biltzen duen ekimena eramango dute aurrera. 09:45etik 17:45era txirrindularitza saio solidarioa antolatu dute Azkue Ikastola aurrean. DBH2ko ikasleak izango dira lehendabizi bizikleta gainean pedalkadak emango dituztenak, baina parte hartzea irekia izango da, irakasle, ikasle, guraso edo herritarrei zuzendutakoa.
Ekimen hau egin ahal izateko ikasleek Lekeitioko zenbait eragileren laguntza izan dute. Herriko Eroski dendak eta Erabil enpresak diru laguntza eskaini dute fundazioarentzat, Amandarri triatloi taldeak eta Garraitz kirol taldeak material asko eman diete eta udalak beste hainbat bizikleta estatiko.
Ez da lehen aldia Azkue ikastolan horrelako ekimenak egiten dituztela. Azken urteetan, helburu eta egin behar berekin, komunitatearentzako beste hainbat ekintza gauzatu dituzte txakur kaken edo telefono mugikorren berrerabileratik odol emaile eta errefuxiatuen aldeko kanpainak arte.