Euskal Kostaldeko Geoparkea, Munduko Geoparke izendapenari eusteko prozesuan
Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi ebaluatzaileren bisita jaso du UNESCOren Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion erabakitzeko.

2018. urtean bigarren errebalida prozesua “txartel berdearekin” gainditu ostean, lau urte igarota, prozesua berriz gainditu beharra du. Hortaz, lau egunez ebaluatzaileak erakundeetako ordezkariekin, teknikariekin eta zonaldeko eragile ezberdinekin elkartuko dira eta Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatuko dituzte. Geoparkearen azken lau urteotako kudeaketa eta eman diren aurrerapausoen azterketan sakona egitea dute helburu, UNESCOren Munduko Geoparke izateko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko.
Bisita ekainaren 17ra arte luzatuko da, eta UNESCOk bidalitako ebaluatzaileak Alemania-Poloniako Muskau Arc UNESCO Global Geoparketik eta Italiako Pollino UNESCO Global Geoparketik etorri dira, hain zuzen ere.
Aurrekariak
Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik da UNESCOren Munduko eta Europako Geoparkeen Sareko kidea. UNESCOren Munduko Geoparkeek izendapen hau lau urterako eskuratzen dute eta, epe hau igarota, berriro aztertzen da Geoparkearen funtzionamendua eta kalitatea, errebalida prozesu zorrotz baten bitartez. Azterketaren emaitza uda ostean emango dute ezagutzera.