IX. Aste Musikala ospatuko du Lekeitioko Musikaiak
Talde ezberdinen emanaldiak egongo dira eguenean [ekainak 16] hasi eta ekainaren 22ra bitartean. Ekainak 17, 20, 21 eta 22rako gonbidapenak jarriko dituzte eskura, euro baten truke, Ikusgarri zinema aretoko leihatilan.
Eguenean [ekainak 16] hasiko du Lekeitioko Musikaia musika eskolak ikasturteari amaiera emateko urtero egiten duten Aste Musikala. Aurrez aurreko emanalditara itzuliko dira aurten, eta emanaldiak udaletxeko eskaileratan, musika eskolan eta Ikusgarri zinema aretoan izango dira.

Lekeitioko Musikaia musika eskolakoak Lekeitioko udaletxeko eskaileratan abesten. Argazkia: Musikaia
Bost egun izango dira guztira, eguena [ekainak 16], barikua [ekainak 17] eta ekainaren 20, 21 eta 22, eta egun bakoitzean musika eskolako talde desberdinek parte hartuko dute. Horrela, eguenean, Koruen eguna izango da, eta Musikaiako ahots guztiek parte hartuko dute, baita musika tailerreko txikiek ere. Koruak kalean abestuko dute, 19:00etan, udaletxeko eskaileratan, hain zuzen ere. Kantaldiei sarrera emateko, hala ere, aurretik, kontzertu txiki bat emango dute txistuek.
Barikuan [ekainak 17], berriz, estilo ezberdinetako taldeak entzuteko aukera egongo da. Klarinete taldea, pianoak eta trikitixak aterako dira jendaurrera, baita metal taldeak ere. Ikusgarrin emango dute kontzertua, 19:00etan. Egun horretan banatuko dituzte baita ere, Musika Mintzairako 5. maila gainditu dutenen diplomak. “Kontzertua amaitzeko kantu gutxi batzuk falta direnean banatuko dizkiegu diplomak bertan Ikusgarrin”, aurreratu dute Musikaiakoek.
Musika Eskolan izango da hurrengo hitzordua. Astelehenean [ekainak 20] lehenengo eta bigarren urteko tresnetako ikasleek parte hartuko dute. Areto bitan banatuta joko dute, talde txikiagoetan, 18:00etatik aurrera. 19:00etan, berriz, musika eskolako helduen kontzertuari emango diote hasiera. Talde txikietan edo bikoteka joko dute horiek ere, eskolan bertan.
Martitzenekoa [ekainak 21] estilo moderno eta rock ukituko kontzertua izango da. Konbo ezberdinek eta kanto klase berrietako ikasleak batera ariko dira. Ikusgarrin eskainiko dute kontzertua, 19:00etan.
Eta, azkenik, eguazteneko emanaldia [ekainak 22] estilo lasaiagokoa izango da, jazz eta folklore ukituko kontzertua. Jazz konboek, folk konboek, Kamarak eta saxoek parte hartuko dute. Hori ere Ikusgarrin izango da, 19:00etan baita ere.
Gonbidapenekin. Musikaiako arduradunek jakitera eman dutenez, udaletxe aurreko kontzerturako ezik, beste guztietarako gonbidapena beharko da. “Ikasle bakoitzak badauka bere gonbidapena, eta soberan daudenak Ikusgarriko leihatilan jarriko ditugu eskura, euro baten truke”. Eguneko kontzertuko gonbidapenak hartu ahalko dira, 16:30etik 18:30era bitarteko ordutegian.