Kontzientziak pizteko azoka
Truke eta bigarren eskuko azoka egin dute Ispasterren. Hainbat postu eta ekimen izan dira, jasangarritasuna, kontsumo eredua eta elkartasuna lantzeko. Konposta egiten ikasteko postua, eskulan eremua eta taloen postua izan dira arrakastatsuenak.

Zapatuan truke eta bigarren eskuko azoka egin zuten Ispasterren. Estreinako egin zuten azoka, eta herriko elkarte zein eragileak elkarlanean aritu ziren. Helburu hirukoitza izan zuen egun guztian zehar antolaturiko egitarauak: batetik, egunko kontsumo ereduaz hausnartzea; bestetik, jasangarritasuna lantzea; horiez gain, behar dutenei laguntza ekonomikoa ematea.
Ispasterko Udala eta eskola auzolanean aritu ziren Nagusien Elkarteagaz, Guraso Elkarteagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz. Antolakuntzan ibili den Maria Terrachet “pozik” agertu da azokak izandako harreragaz: «Eskolatik sorturiko ekimena izanda, bertaratu zirenak eta, batez ere, umeak pozik igarri genituen».
Azokak emandako hobari guztiak “gehien behar dutenei laguntzeko” erabiliko dituztela azaldu dute antolatzaileek: “Lekeitioko monjei edo pareko egitasmoei ematen dizkiegu gure proiektuetako etekinak, eta oraingoan ere berbera egingo dugu; osotara, 800 euro inguru eman ditu azokak”.
Terrachet: “Eskolatik sorturiko ekimena izanda, bertaratu zirenak eta, batez ere, umeak pozik igarri genituen”
Trikitilariek ipini zuten abian truke eta bigarren eskuko azokako egitaraua. Taloen postuak deitu zuten, dena dela, arretarik gehiena. Ondoren, Guraso Elkarteko Igor Aldalurrek tailer bat eman zuen konposta zelan egin irakasteko, eta hori ere “benetan interesgarria” izan zen, Terracheten arabera.
Helburuak beteta. Jasangarritasuna azokaren zutabeetako bat izanda, Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako Birziklatzen ikasten postuak ere arrakasta izan zuen. Era berean, eskulanen eremuak ere jende erakarri zuen. Zigarro puntak lurrera botatzearen inguruko eztabaida landu zuten, eta, Terrachetek azaldu duenez, horrek bertaratutako askori “zer pentsatua” eman zioten.
Terrachet: “Azokak emandako hobari guztiak gehien behar dutenei laguntzeko erabiliko ditugu”
Azokaren helburuak “bete-betean” konplitu dituzte antolatzaileek eta, horrenbestez, hurrengo urtearen errepikatzeko asmoa dute. «Laguntza emateko eta jasangarritasunerako kontzientzia» piztu du azokak, eta horixe zen gure helburu nagusia.