Markina-Xemeingo Zerutxuk dantzaz bete du Uhagon aurrea
Dantza Plazara dantza emanaldia eskaini zuen barikuan [ekainak 10] Zerutxu dantza taldeak. Uhagon kulturguneko lorategia jendez bete zen, herriko dantza taldeko gaztetxoen ikuskizunaz gozatzeko.
Urte osoan ikasitako dantzak plazara atera zituzten barikuan [ekainak 10] Zerutxu dantza taldeko ume eta gaztetxoek. Uhagon kulturgune aurreko plazan eskaini zuten dantzaldia, ikasturte amaierako saioa ikustera hurreratu ziren herritarrez inguratuta. Ikasturtea hasi zenetik orain arte ikasi dutena herriari erakusteko eguna izan zen barikukoa, egun berezia dantzari gazteentzat, eta ikusleen txalo zaparradak jaso zituzten.
Dantza eskolako taldeek hango eta hemengo dantzen erakustaldi anitza eskaini zuten: Zaragi dantza, sardinerak, ezpata dantza, agurra, zinta dantza, soka-dantza… Dantzarako doinuak, berriz, Rakel Pujanak jo zituen.
Ez zuten horrenbeste ikuslerik espero Zerutxukoek, eta “pozik” hartu zuten herritarrek ikuskizunari egindako harrera beroa. Hurrengoan eurekin plazara dantzara ateratzera ere gonbidatu zituzten ikusleak. Barikuan ere eman zuten horretarako aukera. Emanaldia amaitzeko polka bat dantzatu zuten Zerutxukoek eta plazara atera nahi izan zuten guztiek batera.














































































