Pedalkadaz pedalkada pentsio duinen alde
50 lagun heldu ziren eskualdera, pentsio duinen aldeko borrokaren alde pedalkadak emanez eta Alamedan egin zitzaien ongi etorria.
18:00ak eman zuten, eta Alamedan jada prest zeuden herritarrek Arrigorrin ezarri zituzten begiradak, txaleko horiak ikusten hasi ziren, “heldu dira”. Herritarrak gogotsu zeuden Euskal Herriko Pentsiodunen Bizikleta Martxa noiz helduko, ongi etorri beroa emateko.
Ekainaren 13an Donostiatik abiatutako martxa, atzo [ekainak 14] heldu zen Ondarroara, eta txalo artean hartu zituzten herritarrek, eskualdeko kideak, Donostiatik ateratakoak, eta bidean batzen joan zirenak, guztiak batera. 50 lagun inguru sartu ziren Ondarroara, kaleetatik zehar ibilbidea egin eta Alamedan bukatzeko.
Alamedako Pentsiodunek antolatutako ongi etorriari hasiera emateko unea heldu zen. Egitarauari jarraituz, Zatozte elkarteko kideen opari banaketagaz hasi ziren, eta dantzariei bide emateko unea heldu zen. Ongi etorri berezia bilakatu zen, Andoni txistulariak erritmoa jarriz, Eñaut eta Izarok eskainitako dantzagaz gozatu zuten ikusleek. Jada giroa alaiturik, bertsolarien txanda heldu zen, Ion Arrizabalaga, Pili Larrañaga, eta Jose Mari Aranbarri izan ziren abileziaz gaiari eutsi eta hitzak aldarri bilakatu zituztenak. Txalo artean hartu zituzten herritarrek eta baita bizikletaz heldu zirenek ere.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak batasun hitzak eskaini zituen, Alamedako Pentsionisten lau urte baino gehiagoko borroka erdigunean jarri, eta hauen lana balioan jarriz. Ondoren, hain zuzen ere, beraien unea heldu zen. “Lau urte baino gehiago igaro dira mobilizazioekin hasi zirenetik, eta pentsioak murrizten zituzten neurri batzuk leheneratzea lortu dugun arren, besteak beste, pentsioen balioa handitzeko 0,25a. Beste lorpen batzuk lortzeko ditugu oraindik, tartean, Pentsio Sistema Publikorako bermeak behin betiko finkatzea, gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialaren nahikotasun-irizpideekin bat etortzea eta pentsioak KPI errealarekin birbaloritzatzea”. Aldarriak eginda, Alamedan astelehenero oihukatzen den esaldiagaz bukatu zuten irakurketa “Jo eta ke, lortu arte”.
Azkenik, trikitilariei bide eman baino lehenago, Alamedako Pentsionisten abestia erdigunean jarri zuten, hain zuzen ere, pentsiodunen egoera ondo baino hobeto islatzen duen abestia “txin txin diruaren hotsa, gure patrikadetan maitia, gelditzen da motza”.