Lehen erakusleiho lehiaketa antolatu dute Markina-Xemeinen
Hemen Be Bai merkatari elkartearen txapelketan izena emateko epea domekan [ekainak 19] amaituko da.
Markina-Xemeingo Hemen Be Bai merkatari elkarteak lehen aldiz antolatu dute herriko denden eralusleiho lehiaketa. Izena emateko epea zabalik dago eta domekan [ekainak 19] amaituko da. Antolatzaileek hiru bide zabaldu dituzte izena eman ahal izateko: Instagram sare sozialeko kontua, 94-616 90 73 telefonoa edo admin@hemenbebai.com posta elektronikoa.
“Lehiaketaren helburua merkatarien eta herritarren arteko lotura estutzea da eta herriko kaleei bizitasuna ematea”, zehaztu dute merkatari elkartekoek. Asko dira Lea-Artibai eskualdean edo Bizkaian egiten diren erakusleiho lehiaketak, baina Markina-Xemeinen bat antolatzeko beharra ikusi dute.
Lehen lehiaketa honen gaia Markina-Xemeingo Karmen jaietako herri bazkaria izango da. “Herriarekin lotu nahi genuen lehiaketa eta Karmen Jaietako baina ekintza garrantzitsuenetako bat aukeratzea baino aukera hoberik ez dago”, esan dute. Lehiaketa uztailaren 1ean hasiko da eta uztailaren 19an amaitu.
Epaimahaia adituz beteta egongo da, erakusleiho lehiaketetan epaile lanetan aritzen den kide batek osatuta egongo da arkitektura edo barne-diseinu jakituria duten beste batzuekin. Sariei dagokionez, lehenengo biek jasoko dute bakarrik. Irabazleak 200 euroko txekea jasoko du, baita plaka pertsonalizatu bat ere. Bigarren sailkatuak, berriz, 100 euroko txekea eta plaka pertsonalizatua.