Lekeitioko Galarrena kultur elkarteak irakurle taldea sortuko du
Taldea Mikel Antza idazleak gidatutakoa izango da
Lekeitioko Galarrena kultur elkarteak irakurle taldea sortuko du, sorreran daude dagoeneko. Jakinarazi dutenez, Mikel Antza idazleak gidatuko du irakurle taldea. Izena emateko epea zabalik dago, parte hartzeko interesa dutenek mezu bat bidali beharko dute galarrenake@gmail.com posta elektronikora.
Hurrengo hilabeteetara begira hiru saio antolatu dituzte. Lehendabizikoa, uztailaren 11an, bertan Slavenka Draculićen Han ez banengo bezala liburua aztertuko dute. Hurrengoan, abuztuaren 8an, Leslie Feinbergen Mari-mutil handi baten bluesa liburua izango dute aztergai. Azkenik, irailaren 12an, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materialak liburuaren inguruan ariko dira.
Irakurle taldearen saioak 19:00etan izango dira Galarrena kultur elkarteko egoitzaren goiko aretoan. Horrez gain, adierazi dute hiru liburuak Lekeitioko Udaleko liburutegian daudela eskuragai.