Pandemia aurreko estilora ospatuko dira aurten Aulestiko sanjoanak
Paella Eguna berreskuratuko dute, eta txosnak ere bere lekua hartuko du plazan. Bazkariak, musika eta kirol ikuskizunik ez da faltako. Danborradak ere berriro zeharkatuko ditu herriko kaleak.
Aurten bai, pandemia aurreko moduko San Joan jaiak ospatu ahalko dituzte aulestiarrek. Eta pozik daude. Iaz ere hainbat ekimen egon baziren ere, ez ziren ohiko sanjoanak izan, Paella Egunik ez zen egin, txosna ere ez zen jarri eta ekitaldi denak COVID-19ari aurre egiteko eskatzen ziren neurrien arabera egin behar izan zituzten. Eta zain egon dira, jaiak berriro ere betiko moduan eta goi goitik ospatzeko zain.
Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, jaietako egitarauak ez dakar berrikuntza handirik, baina ez da beharrezkoa ere, haurrei zein helduei gustatzen zaizkien jarduera guztiak jasotzen ditu eta.
Umeak izango dira jaiez gozatzen lehenak. Martitzenean [ekainak 21], ikasturteko azken egunean, Umeen Eguna ospatuko dute. Tailerrak eta jolasak izango dituzte goizean eskolan bertan, eta eguerdian Eskolako Txupina botako dute seigarren mailako ikasleek.
Egun horretan, 34. Ipuin Topaketako sariak ere banatuko dira 18:00etan, parkean. Urteak daramatzate Aulestin ipuin topaketak antolatzen, eta horregaz lotutako ekimen ezberdinak eramaten dituzte aurrera. Aurten, esate baterako, ipuin bat zelan osatu ikasi dute, bertsoekin lotuta, eta ohi modura, ipuinak sortu eta topaketara aurkeztu dituzte lanak. Parte hartu dutenek euren saria jasoko dute.
Guraso elkarteak antolatuta, ondoren, antzerki bat egongo da: Nirekin bidaiatu! Ipuinak, Musika eta Kantak! Eta ostean, txokolatea denentzat.
Jaiek ekainaren 23an izango dute jarraipena, San Joan bezperan, hain zuzen ere. Bazkaritan batuko dira gazteak zein erretiratuak, gazteek jolasak ere izango dituzte, gainera, eta eurak izango dira, baita ere, jaien hasierako txupina botatzearen arduradunak.
Profesionalen pala eta esku pilota partidak jokatuko dira San Joan egunean Torrezelai pilotalekuan
Tradizioari jarraituz, San Joan sua parkean izango da, eta musika eta buruhandiekin lagunduta abiatuko dira herritarrak bertaraino. Suaren ostean, kontzertuak egongo dira Gaztetxean; Muzak eta Etxekalte taldeek joko dute.
Sobrak. San Joan Eguna koloretsua izan ohi da Aulestin. Urtero Sobra Sariketa lehiatzen da egun horretan, eta herritarrek prestatutako sobrak kolore dotoreekin apaintzen dute herria. Lan ederra egiten dute herritarrek, eta merezitako saria izango dute aurten ere onenek. Urtero egin legez, antolatzaileek lehenengo hiru sari eta bigarrengo hiru sari banatuko dituzte.
Meza ostean entregatu beharko dira sobrak, eta herriko dantzarien dantzaldia amaitu ostean banatuko dituzte sariak. Herriko Euskal dantza taldeko dantzariek ikasturte osoan ikasitakoa plazaratuko dute.
Arratsaldean, berriz, pilota partidak egongo dira Torrezelai pilotalekuan. Pala zein esku pilota partidak egongo dira jokoan. Lea Ibarra Motrollo taldekoez gain, profesional mailako partidak ere egongo dira aurten. Azken horietarako sarrerak aldez aurretik lortu ahal dira Illunzar tabernan edo Ubilla Aterpetxean, 15 eurotan.
Pilota partiduak ondorengoak izango dira:
- Pala: Izaro A-Enara A/Beitia-Arrizabala.
- Esku pilota:
1. Arrizabala-Agirre/Aldai-Gaminde.
2. Alberdi I-Uriondo/Zubizarreta-Aretxabaleta.
San Joan Eguneko dantza giroa La Jodedera taldearen eskutik etorriko da. Taldeak 20:30etik aurrera joko du musika plazan. Laukotea 2009an sortu zen, euskal eta kubatar musikarien arteko fusio bat eginez, eta entzuleek ondo pasatu eta dantza egin ahal izateko musika joko dute, cumbia eta merengea erritmo dantzagarriak, besteak beste.
Amaiera, danborradagaz. Zapatuan [ekainak 25] sukaldaritzari egingo diote lekua. Goizean, plazan bertan edo inguruko txokoetan kokatuko dira herritarrak, paellak egiten joateko. 14:30eko kanpaiak orduko entregatu behar dituzte paellak lehiaketarako, hortik aurrera zigorrak jarriko ditu epaimahaiak. Lehen lau paella hoberenak sarituko dituzte: 110 euro eramango ditu irabazleak, 90 euro bigarrenak, 60 euro hirugarrenak eta 25 laugarrenak. Eta, jarraian, paella jatea egingo da udaletxe azpiko aterpean. Hantxe bilduko dira auzotar guztiak, elkarrekin otordu goxoa egiteko eta berriketarako.
Eta jolasak ere egongo dira adin guztietako auzotarrentzat, arratsaldea girotzeko. Gazte asanbladako gazteek antolatuko dituzte. Iluntzean, musikak hartuko die lekukoa eguneko jarduerei. Bide Batez taldearen erromeriak dakar dantza giroa.
80 pertsona baino gehiagok eman dute izena danborradarako
Lau egunetako festak atzean utzita, domekan [ekainak 26] agurtuko dituzte jaiak aulestiarrek. Danbor hotsek iragarriko dute aurten, jaien amaiera. Hain zuzen, danborrada egongo da 18:30ean eta festetako azken ekimena izango da. Jantzi dotoreekin atondu, danborrak eta makilak hartu, eta kalera aterako dira aulestiarrak. 2018tik ez da danborradarik egin, eta gogotsu daude. Halan da ze, aurten 80 pertsona baino gehiagok eman dute izena danborradarako. Lekeitioko Aittitta Makurra txarangak jarriko duen doinuari jarraitu beharko diote danborrariek. Torrezelai frontoian hasi eta kalea beheraino jaitsi ondoren, berriro igoko dira plazara danborradari eta jaiei amaiera emateko.