'Amaraun' ikuskizunak amaiera emango dio Agenda Moreari
Oihana Iguaran eta Amalur Luluaga ikuskizuna 19:00retan hasiko da, eta amatasunaren inguruko hausnarketa izango du ardatz. Musika, kantua eta dantza uztartzen ditu.
Gaur amaituko dute Agenda Morea kultur zikloa Munitibarren. 19:00retan Oihana Iguaranen eta Amalur Luluagaren Amaraun ikuskizuna eskainiko dute herriko pilotalekuan. Amaraun, amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatzeko, musika, kantua eta dantza uztartzen dituen ikuskizun berria da. Apirilaren 7an estreinatuko zuten Amasa-Villabonan Gurea antzokian, eta, orain, Munitibarrera heldu da.
Emanaldi horregaz, Munitibarko Udalak kulturaren eta feminismoaren aldeko apustua berretsi du; apirilaren 29tik gaur arte, hainbat arte adierazpide eta artista pasatu dira herriko espazioetatik. Elssie Xalbador ipuin kontalaria izan zen lehenengoa: Wangari Maathai, 2004. urtean Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen lehendabiziko emakume afrikarra, izan zuen ahotan. Munitibarretik pasatzen bigarrenak Nora eta Ane Agirre Ondarroako musikariek osatutako Biren taldea izan zen; maiatzaren 20an herriko plazan kontzertua eman zuten. Ostean, ekainaren 3an, Mi pequeño gran samurai kus-entzunezko dokumentalaren proiekzioa eman zuten udal aretoan; proiekzioaren ondoren, solasaldia egiteko aukera ere izan zen, Elaxar Lersundiren parte-hartzeagaz.