Kolorez, musikaz eta umorez jantziko dituzte herriko kaleak
Herriko jai berezienak eta parte hartzaileenak eztanda egitekotan daude .Ohiko formula mantenduz, baina aldaketa txiki batzuekin dator aurtengo egitaraua
Herriak antolatuta eta herriarentzat egindako San Joan Jai girotsuak egitarau oparoagaz datoz aurten Ziortza Bolibarrera. Ohiko errezeta jarraituz, antzezlan, umore, kirol eta musikaz jantziko dituzte herriko kaleak. Gogotsu agertu dira antolakuntza taldekoak, aurten, azkenik, behar bezala ospatuko baitituzte herriko jai handiak.
Herritar guztiei begira antolatzen dira jaiak, eta horretarako aurre lanketa handia egoten da Jai Batzordearen eskutik. Zortzi lagun inguruk osatzen dute, eta herriko taldeen ordezkariak egoten dira, batik bat, Margola Guraso Elkartekoa, Aranbaltz Kultur Elkartekoa eta Kanpape Jubilatuen Elkartekoak. Hiru talde horien ordezkariei udaleko ordezkaritzako hiru zinegotzi biltzen zaizkie, eta baita herritarrak ere. Hortaz, lanari ekin eta ondo antolatutako taldea osatzen dute, eginkizunak banatuaz, egitarau oparo bat osatu baitute aurten ere. «Jaietako egitaraua osatzeko ardura herriko elkarte guztietako kideok hartzen dugu. Eginkizunak zehaztuaz batera, ardurak banatzen ditugu, eta elkarte bakoitza zerbait antolatzeaz arduratzen da».
Adin tarte guztiei begira antolatzen dituzte ekimenak, baina bereziki haurrei zuzendutako egun bat daukate: San Joan Txiki Eguna. Aurten, zapatua izanik, domekara aldatu dute haurren eguna, eta zapatuko ekimenak nagusiei eskaini dizkiete.
Sorgin Gaua
Eguenean, ekainaren 23an emango diote hasiera Sorgin Gabagaz, egun indartsuena izaten da egitarauaren barruan. Egun magikoa izanik, herritarrak suaren berotasunaren inguruan biltzen ditu urteko gaurik berezienean, hain zuzen ere, euskal mitologiaren kontakizunei bide eman eta ikuskizunaz gozatzeko. Egun oso berezia izaten da herritarrentzat. Gauerako prestaketa lanetan aritzen dira egunez, plaza inguruak atondu, belar eta loreekin apaintzen duten bitartean. Hain zuzen ere, urteko eta eguneko hitzordu bereziena den horretan, herritar asko biltzen dira, eta aurten ere horrela izango denaren ziurtasuna daukate antolatzaileek. Pertsonaia mitologikoak erdigunean jarriz, suak ematen duen berotasunagaz herritarrak inoiz baino hurbilago egoten dira elkarrengandik.
Arratsaldean emango diote hasiera egitarauari, hain zuzen ere, frontoian burutuko den briska txapelketagaz; hirunaka lehiatuko dute. Ondoren, giroan sartze aldera, txalapartaren soinua entzungo da herrian zehar. Irrintzi, txalaparta eta adar doinuekin batera etorriko dira Oiz mendiaren magaletik Mari eta Maju herriko plazara. Urazanditik, berriz, mikolasak eta jentilak agertuko dira, euren ileak orrazten datozen lamiekin batera. Atzetik, Ttarttalo eta beragaz batera galtzagorriak agertuko dira, aringa-aringa eta saltoka. Sorginak Akerbeltzagaz dantzan agertuko dira elizpetik. Basajaun eta Basandere euren umeagaz agertuko dira Jauregitik, baita ere jaun zuri eta Poxpolin. Eta azkenik, inkisidorea ailegatuko da plazara.
Herritarrak jai giroan sartuta, jan-edanari bide emango diote, herriko plazan. Sabela bete bitartean, Mirari eta Aintzane trikitilariak giroa alaitzeaz arduratuko dira. Ondoren, txistulariek abisua emanagaz batera, kalejiran jaitsiko dira Beheko Zubira, urteko gau motzenaren protagonista nagusiari bide eman eta su inguruan biltzeko: akelarrearen unea izango da.
Gauagaz amaitzeko, sorgin dantzagaz gozatu ondoren, edabe magikoa probatzeko unea izango da, nahi duen orok probatzeko aukera edukiko du eta, jaiaz goizaldeko ordu txikiak arte gozatu ahal izango dute.
Antzezpena, bertan behera
San Joan bezperako ospakizunak igarota, barikuan San Joan Eguna indarrez hasteko, ohitura den modura, meza aurretik, txistularien kalejiragaz hasiko dute eguna, eta elizkizunaren ondoren, sobren erakusketa egongo da elizpean. Plazan, txistulariak arituko dira girotzen, eta azken urteetan antolatu izan ohi duten bezala, umeentzako kirol jokoak egongo dira.
Arratsaldean, berriz Putinen guardasola antzezpena zegoen egitarauan sartuta, baina azken orduko arazoak tarteko, aldaketa bat egon da eta Demore Quartet taldeak eskainiko duen antzerki saio musikatua bilakatuko da protagonista. A capella abesten duen taldeak, umorea du bidelagun, hortaz, herritarrek musika eta irribar artean ikuskizunagaz gozatzeko aukera edukiko dute.
San Joan Txiki, nagusientzat
San Joan Txiki Eguna herriko txikienei zuzendutako jaia izan ohi da, beraiek erdigunean jarriz egitaraua antolatuta. Baina aurten, zapatua izanik, antolakuntzak erabaki bat hartu du: «Txikienei bideratutako egitaraua domekan burutzea eta zapatuan herritar orok parte hartu dezakeen egitaraua osatzea, zapatua herritar orok gozatzeko aukera izan dezan, eta herri bazkaria hemen kokatu».
Hortaz, goizean txistularien kalejiragaz hasi eta mezatan bilduko dira. Ondoren, txistularien kalejirak herriko txokoak girotzen dituen bitartean, herriko talde boluntarioak paellak prestatzen hasiko dira. Plazan arrozak prestatzeko aitzakiagaz, herri bazkarirako giroa berotzen hasiko dira herritarrak. «Prestatutako arrozak herri bazkarian batzen garenon artean jango ditugu gero».
14:30ean, berriz, kuadrillek prestatutako paellak jateari ekingo diote. Herritar asko batzen dira mahaiaren bueltan, eta arrozagaz batera, mihia saltsan jateko aukera edukiko dute, ondoren, pastelagaz amaitu eta jan ondoko kafe eta kopari bide emanez. Herri bazkarira joan nahi dutenek ekainaren 19ra arte dute izena emateko aukera, Kanpape tabernan. 17 euro ordaindu beharko dituzte, 14 urtetik beherakoen kasuan, 7eurokoa izango da bazkariaren prezioa.
Jan-edana eta hizketaldiak amaitzean, plazara bideratzen direnek Dantza ikuskizun mundialaz gozatzeko aukera izango dute, Korrontzi taldearen eskutik. Antolatzaileek ekintza nabarmendu nahi izan dute; pasaden urtean dantza ikuskizunak izandako harrera ona ikusita, aurten ere formula berdinagaz datoz, herritarren gustukoa izango delakoan.
Domekan izango da umeen eguna. Hain zuzen ere, Markeliñe antzerki taldeak umeentzako ikuskizuna eskainiko du, herriko txikiak biltzeko eta jaiei amaiera gozoa emateko, izozkia banatuko diete.