Mutrikuri Bandera Beltza esleitu diote
Ekologistak Martxan elkarteak bi Bandera Beltz esleitu ditu Gipuzkoan, tartean, Mutrikuko dikea luzatzeko lanen proiektuari, kudeaketa txarra egiteagatik.
Ekologistak Martxan elkarteak banatu ditu urtero banatu ohi dituen Bandera Beltzak. Espainiar estatuko kostalde guztiari dakion azterketa egin ondoren esleitzen ditu banderak, eta bi motatakoak izaten dira; kutsatzeagatik eta kudeaketa txarra egiteagatik.
Aurtengo txostena kaleratu berritan, Gipuzkoari dagozkion bi bandera beltzetako bat, hain zuzen ere, kudeaketa txarragatik esleitutakoak, Mutrikuko kanpoko dikea handitzeko lanak jarri ditu erdigunean. Bigarrena Donostiako Antondegi mendiko proiektua izanik.
Mutrikuko kanpoko dikea handitzeko lanei dagokionez, hainbat irregulartasun azaleratu dituzte txostenean, tartean, luzapen obren lizitazioa publiko ez egitea egotziz “20 milioi euroko obra bat lizitatu da, eta Eusko Jaurlaritzaren kontratazioen orrialdean soilik egin da publiko, inongo aldizkari ofizialetan argitaratu gabe eta udalari berari inolako jakinarazpenik egin gabe”.
Bestalde, obra proiektuak kirol portua zabaltzea dakarrela azpimarratu dute “500 edo 600 amarraleku berri sortzea dakar, eta horrek, era berean, kirol portua zabaltzea eragingo du. Horrek, zalantzarik gabe, hirigintza proiektu berriak bultzatzea ekarriko ditu”.
Ekologistak Martxan taldetik egin dituzten hobetze proposamenak, dikea ez luzatzea eta portuaren atarian konporta bat ezartzea dira, batik bat.