Auzotarrekin gozatzeko aukera
Bertoko produktuak, artisau azoka, musika eta jan edana izan dira protagonista Asterrikako Azokan.

Gaur [ekainak 18], 10:00 jo dutenerako prest zeuden auzotarrak azokari hasiera emateko. Auzora hurbiltzen hasi direnek txistularien hotsari jarraituz azokarako bidea aurkitu dute. Musika doinuaz alaitu dute Asterrika, auzoko Jasone eta bere lagunek. Beroa barrenean sarturik, gerizpea lagun izan dute hurbildu direnek, baina hori ez da oztopo izan inguruko herriko gazte zein nagusiak Asterrikara hurbildu eta zapatuaz gozatzeko.
Talo eginean aritu direnen lana bide, primerako hamaiketakoa egiteko aukera izan dute hurbildu direnek, eta sorpresa ederra izan da mendigoizaleentzat ere. Txoko batean jan edanagaz gozatu eta bide batez auzotarren zoloetako produktuak erosteko aukera zegoen. Antolatzaileek aipatu dutenez “ez da sasoirik onena, ortuan oraindik ez baitago gehiegi jasotzerik”, baina zegoena kalitatezkoa izanik, nahikoa izan da. Gainera, auzotarrek eskuz egindako gozogintza erosteko aukera ere eskaini dute, azukrerik gabeko produktuak tartean.
Gainera, artisau azokak ere bere ikusgarritasuna izan du. Hainbat dira, auzotar zein inguruko artisau lanak burutzen dituzten artistak, eta gaur sei izan dira Asterrika auzoan bildu direnak. Aitziber, Amaiur, Alai, Lore, Mikkota Art, Serafina eta Carlota eta Eva Iturarte artisten lanak erosteko aukera izan dute hurbildu diren guztiek, era guztietako lanak zeuden; bitxiak, poltsak, margolanak… Eskaintza zabala zegoen, bertako artistei ikusgarritasuna eman, eta haien lanak erosteko.
Aurrekariak
Auzoko talde txiki baten ideiatik abiatuta, pasaden abuztuan egin zuten lehenengoz azoka, “etxean erabili gabe genituen gauzak atera eta bigarren eskuko azoka bat antolatu genuen gure artean, eta artisauen lana kaleratu genuen. Baina eguraldia ez genuen lagun izan, hortaz, beste azoka bat antolatzeko gogoz geratu ginen”. Oraingoan, formatua aldatu dute eta azoka landuago bat antolatu dute, “bertoko produktuak eta bertokoek egindako lanak egotea garrantzitsua da, artisau asko dugu gure artean”, hortaz, hori mantendu dute, eta jan edana eskaintzea gako bilakatu dute, “taloa gakoa izaten da, lan asko eman, baina aldi betena asko gozatzen den jana da”. Hortaz, auzotarren lana erdigune bilakatu eta egunagaz gozatu dute auzotarrek, hurbildu diren guztiei gozatzeko aukera luzatuz.