Erkiagak eta Zabalak finalerdietarako txartela eskuratu dute
Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak Jokin Arbe eta Jon Ibarluzea menpean hartu zituzten. Iñaki Osa Goikoetxeak eta Eñaut Salegik, beren aldetik, garaipen sendoa lortu zuten Xabi Barandikaren eta Julen Del Rioren kontra.
Markina-Xemein Jai Alai Grand Slam txapelketako bigarren jardunaldia ospatu zen zapatu iluntzean, Uni frontoian. Pilotalekua jendez gainezka agertu zen, eta txaloak eta animoak nagusitu ziren partidu bietan zehar. Lehendabizikoan, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra eta txaloz hartu zuten Eñaut Salegi markina-xemeindarra Xabi Barandika gernikarrari eta Julen Del Rio gasteiztarrari gailendu zitzaizkien.
Urdinek ezin hobeto egin zioten aurre partidari. Izan ere, Barandikak maila handiko tantoak egin zituen aurreko koadroetan, eta Del Riok min egitea lortu zuen bere eskumakadei esker. Lehen seta beraiena zela zirudienean, Goiko agertu zen, eta dena errotik aldatu zuen. Hamabi aldiz munduko txapelduna izandakoak bere kalitatea plazaratu zuen, eta partida hamabina berdintzea lortu. Gorriek 15-12 irabazi zuten lehenengo aldia.
Bigarren setean ere gorriak jaun eta jabe izan ziren lehen unetik. Goikok 7. eta 8. koadroak bere egin zituen eta, airez sartuz, partidua nagusitasunez jokatzea lortu zuen. Salegi atzelaria seguru agertu zen norgehiagoka osoan zehar. Bere kokapen ona eta pilotari ematen zion indarra zutabe izan ziren. Bikote gorria 15-9 gailendu zen, eta beren esku dute finalerdietarako txartela. Urdinek, aldiz, partida horretako emaitzari itxaron beharko diote, lehen partida 3 setetan irabazi ostean.
Zapatuko bigarren partiduari dagokionez, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta etxean jokatzen zuen Jon Bullet Zabalak ez zieten aukerarik eman Jokin Arbek eta Lekerika ordezkatzen ari den Jon Ibarluzea bikote markina-xemeindarrari. Jai Alai Winter Serieseko txapeldunek lehen unetik erakutsi zuten nagusitasuna, eta 8-2 aurreratu ziren markagailuan. Etxekoek, egoera iraultzen saiatu ziren arren, 15-8 amaitu zuten lehen seta.
Partiduaren bigarren zatia parekatuagoa izan zen. Urdinak 0-2 aurreratu ziren, eta 6-8koagaz iritsi ziren atsedenaldira. Tarte txiki hori ezin hobeto etorri zitzaien Erkiaga eta Zabalari, izan ere, Ispasterko aurrelariak tanto bi egin zituen erreskadan, partidua berdinduz. Berdinketagaz iritsi zen partidako tantorik txalotuena. Ispasterkoak horma bikoa bota, Arbek sartu, eta Erkiaga preso hartuta, beste horma biko bategaz erantzun zion, markagailuan aurretik jartzeko. Bikote urdinak itxaropena bazuen ere, gorriek ez zioten inongo aukerarik eman, 15-11 irabazi zuten txapelketako bigarren partidua, finalerdietarako sailkapena matematikoki lortuz.
Hurrengo partidua barikuan [ekainak 24] jokatuko da, zapatuan barik, eta 21:00etan hasiko da jaialdia. Sarrerak Interneten daude eskura. Karmen Eguneko finalerako Interneteko sarrera guztiak salduta daude honezkero; egun bakarrean saldu ziren denak. Baina bertan partida egunean sarrera gutxi batzuk egongo dira Uni frontoiko leihatilan.