Iurgi Berazaren kasua irekitzeko eskatu dute berriro ere gurasoek
Gernika-Lumoko epaitegira jo dute berriro Agurtzane Uriarte eta Iosu Beraza aulestiarrek. Proba berriak aurkeztu dituzte kasua ireki ahal izateko.
Iurgiren kasua argitzeko borrokan jarraitzen dute haren gurasoek. Proba berriak esku artean, idatzi bat aurkeztu dute Gernika-Lumoko epaitegian, artxibatuta dagoen kasua berriro ireki dezaten eskatuz. Iurgi, Agurtzane Uriarte eta Iosu Berazaren 10 urteko semea, 2020ko maiatzean hil zen Aulestiko Zubero auzoan, etxetik gertu bizikletan zebilela auto batekin talka egin ondoren.
Bigarren aldia da gurasoek Gernika-Lumoko epaitegira jotzen dutena. Ezbeharra gertatu zenean, Gernika-Lumoko epaitegiak kasua behin-behinean artxibatu zuen, eta berriro irekitzeko eskatu zuten, forentsearen frogak eta atestatua lortu ondoren.
Gurasoek argitu dutenez, ez zuten kasua artxibatu izanaren notifikaziorik jaso. «Pandemia garaia zen, eta administrazioa trabatuta zegoen. Beraz, zain geunden, baina denbora aurrera zihoala ikusita, abokatuak esan zigun mugitzen hasiko ginela zer gertatzen zen jakiteko, eta kasua behin-behinean artxibatuta zegoela jakin genuen». Diotenez, prozedura hori ohikoa izaten da. «Istripuaren atestatua heltzen zaienean epaitegiak behin-behinean artxibatu egiten du. Prozedura hori izaten da, eta gero, familia ados ez badago kasuak aurrera jarraitzen du. Horregatik da behin-behinekoa».
Forentsearen probak lortu zituzten eta baita atestatuarenak ere, eta kriminologo baten laguntzagaz, istripua berreraiki zuten gertaera argitzeko. Izan ere, gurasoentzat ezer ez dago argi. «Atestatua eta jasotako adierazpenak ez datoz bat frogekin; kontraesan ugari daude».
Kontraesanak. Gurasoek diotenez, kriminologoak ateratako ondorioek kontraesanak daudela baieztatzen dute. «Ibilgailuaren abiadura eta auzitegiko medikuak ateratako ondorioek diotena ez datoz bat. Ibilgailua 10 edo 20 kilometro orduko abiaduran joanda ez lituzke edukiko horrelako kolpeak ez umeak ez eta autoak ere».
Lehen eskaera hartan, epaileak fiskaltzara bidali zuen eskaria, eta fiskaltzak, epailearen modura, Ertzaintzaren instrukzio bat dagoela eta, instrukzio horretan dioena ontzat eman zuen. Hala, ez zuten kasua zabaldu. «Ertzainaren instrukzioaren arabera, errudunik gabeko zorigaiztoko istripua da. Eta gaineratzen dute, begi-ikuskapen bat baino ez zutela egin; ezin izan zuten neurririk hartu, istripuaren agertoki osoa mugituta zegoelako, zauritua azkar artatzeko».
Gurasoek ez dute instrukzio hori ontzat ematen. «Istripuaren agertokia mugitu zela dio, zauritua artatzeko, baina zauritu bat ezin da mugitu, eta 150 metro mugitu zuen. Horrez gain, ibilgailua ere mugitu zuen, eta 21 metrora aparkatu eta bizikleta ere mugitu egin zuen. Ez dakigu ze momentutan mugitu zituen bizikleta eta autoa, umea jaitsi eta gero bistatik galdu genuen. Ez dakigu aurretik mugitu zuen edo gero. Hori guztiori argitzea nahi dugu. Esandakoagaz geratu dira, baina ez dute ikerketarik egin».
«Espainiako gobernuan onartu berri dute horrelako istripu bat gertatutakoan epaiketa irekitzea automatikoki, familiek ez dute ezer egin beharko»
Arreta deitu die gurasoei epaileak ezer galdetu ez izana. «Ertzainen instrukzioa eztabaidaezina da. Denek hari kolpe egin diote. Epaileak eta fiskaltzak diote aurkezten duguna ez dela nahikoa kasua zuhurtziagabekeriazko giza hilketa bezala irekitzeko». Hala ere, uztailean lege berri bat sartuko da indarrean, eta horren arabera, horrelako kasu baten aurrean, epaiketa automatikoki abiaraziko dute. «Espainiako gobernuan onartu berri dute horrelako istripu bat gertatutakoan epaiketa irekitzea automatikoki, familiek ez dute ezer egin beharko». Lege berri horrek, hala ere, ez du euren kasuan eragingo.
Bigarren berreraikuntza. Gernika-Lumon kasua artxibatzerakoan, Bizkaiko Probintzia Auzitegira jo zuten, baina han ere, erantzun bera izan dute: auzitegiak atzera bota du Iurgiren kasua irekitzeko eskaria. Baina gurasoek ez dute amore emateko asmorik; proba berriak eskuetan, Gernika-Lumoko epaitegira jo dute berriro.
Iurgiren kasua ezagutu ondoren, ITRASA (Ikerketa Teknikoa eta Istripuen Berreraikuntza) enpresak bere burua eskaini zien Agurtzaneri eta Iosuri gertakaria berreraikitzeko. Gurasoek diotenez, bigarren berreraikuntza sakonagoa da oraindik ere. «Software bereziak, 3D, laserrak… punta-puntako teknologia erabili dute, eta bigarren berreraikuntza horrek ere ondorio berberak atera ditu: ibilgailua erdian zegoela, erdia baino ezkerrerago, mutikoa bere lekutik zetorrela eta ibilgailuaren abiadura nabarmena zela. Ez da guk esaten duguna. Ikerketak ateratzen dituen ondorioak dira».
“Ikerketa Ertzaintzaren datu eta marketan oinarritu da. Eurak begi-ikuskapen bat eginez posibletzat jotzen dutena aztertu egin dute, eta sowftware bereziak erabili dituzte neurketak egiteko»
Bestalde, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak ere dagoeneko eginak ditu azterketa batzuk ibilgailu batek bizikleta bategaz kolpe bat duenean, eta ondorio batzuk ere aterata dituzte. «Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren ikerketen arabera, ibilgailu batek daraman abiaduraren arabera, kolpea gorago edo beherago, altuera batean edo beste batean izango da. Zenbat eta abiadura handiagoa, gorago. Gure kasuan, kolpea zegoen altuerak 50 gorako abiadura markatzen du».
Azterketa horiekin guztiekin txosten bat osatu eta hori da Gernika-Lumoko epaitegira eraman dutena. «Ikerketa Ertzaintzaren datu eta marketan oinarritu da. Eurak begi-ikuskapen bat eginez posibletzat jotzen dutena aztertu egin dute, eta sowftware bereziak erabili dituzte neurketak egiteko».
Epaitegiak esan zien lehen ikerketa eurek egindakoa zenez, ez zela objektiboa. Bigarren kasu honetan enpresa eskainita egin da berreraiketa, eta Gernika-Lumoko epaitegiari ere eskatu diote eurek ere gertaeraren berreraikitzea egiteko. «Ertzaintzari ere eskatu diogu, baina eskaera hori epaitegiak egin behar duela esan digute».
Gernika-Lumoko epaitegiaren erabakiaren zain daude orain Iurgiren gurasoak.