Markina-Xemein esku pilotako Bizkaiko herriarteko finalerako sailkatu da
Munitibar hartu zuten mendean atzo [ekainak 19] jokatutako finalaurrekoetako itzulerako partidetan.
Iaz bezala Markina-Xemeinek eta Lezamak jokatuko dute eskupilotako Bizkaiko herriarteko finala. Berriro Munitibar eta Zeanuri ate joka geratu dira. Final handia domekan [ekainak 26] 17:00etan jokatuko da Zaldibarren.
Lea-Artibai eskualdeko taldeen arteko finalerdian 4-2 nagusitu dira markina-xemeindarrak. Kanporaketa baino lehen ezarritako pronostikoak bete ziren, bai Uni frontoian zein Munitibarkoan. Atzo [ekainak 19] lehiatu zituzten kanporaketako itzulerako partidak Munitibarren.
Haurretan jaun eta jabe izan ziren beste behin Markina-Xemein pilota taldekoak eta 0-22 nagusitu ziren. Gazteetan, berriz, kontrakoa. Munitibarrekoak Uni frontoian pasa bezala, eroso hartu zituzten mendean markina-xemeindarrak. Ostabe nagusien partidak erabakiko zuen kanporaketa. Markina-Xemeinek oso ondo bideratuta zuten finalerako txartela, berdinketaren kasuan tanto kopuru altuagoa baitzuten. Hala ere, ez ziren erlaxatu eta, Uni frontoian ez bezala, hasi eta amaitu nagusitu ziren, 6-22a arte.
Gauzak horrela, iazko Bizkaiko herriarteko final bera errepikatuko da. Lezama Zeanuriren gainetik pasa zen, 6-0 gailenduz. Hori bai, nagusien azken partidan Oier Hormaetxek min hartu zuen eta ezin izan zuen lehia amaitu. Hurrengo egunetan egingo dute material hautaketa Zaldibarko frontoian.