Sua hartu du Ispasterko Arropaineko aterpetxeak
13:15ean piztu da sutea eraikineko sukaldean eta teilatura arte heldu da. 17:30ak aldera itzali dute sua Markina-Xemeingo eta Iurretako suhiltzaileek.
Eguerdian, sutea gertatu da Arropaingo sarreran dagoen aterpetxean. 13:15ean hasi da sua sukaldean eta teilatura arte heldu da. Lekeitioko sarrerara arte bertataratu dira Markina-Xemeingo dotazio guztia hiru kamioigaz (zisterna kamioi eta eskaileradun bat) eta Iurretako beste hiru kamioiren laguntza izan dute.
17:30ak aldera itzali dute sua suhiltzaileek. Hala ere, badaezpada ur linea bat utzi dute sua berpiztuko balitz.
Sutean ez da zauriturik egon, baina eraikinean kalteak eragin ditu. Besteak beste aterpetxeko teilatua erre du. Bestalde, zirkulazio arazoak ere eragin ditu Lekeitioko Arropaineko sarreran. Sarrera hori moztuta egon da zenbait ordutan, eta Bizkaibusak ezin izan dira Lekeitioko geralekura ailegatu. Bizkaibusek jakitera eman duenez, arazoak iraun bitartean, autobusak Lekeitiora helduko dira (Saihesbideko goiko biribilgunean geldituz) baina Lekeitiotik ez dira irtengo, geltokira iristeko arazoak direla eta. Apurka-apurka, zirkulazioa normaltasunera itzultzen ari da.