'Xenki eta Murgi gogoan' herri ekimenak mahai ingurua antolatu du
Hitzordua domekan [ekainak 26] da, 12:00etan, kultur etxeko Azkue aretoan.
2022ko irailaren 2an 50 urte beteko dira Lekeition Guardia Zibilak Jose Benito Mujika Xenki eta Mikel Martinez de Murgia Murgi tiroz hil zituenetik. Egun beltz hori baino lehen, 50. urteurrenean, gogora ekarri nahi ditu ‘Xengi eta Murgi gogoan’ herri ekimenak. Hurrengo hilabeteetan hainbat ekintza egingo ditute.
Memoria vs ahanztura mahai ingurua antolatu du herri ekimenak domekarako [ekainak 26], 12:00etatik aurrera, kultur etxeko Azkue aretoan. “Helburua da hurbiltzen direnak hausnarketa sakon batera bideratzea, azken batean atzera begira jartzea eta herri memoria egitea”, adierazi dute antolatzaileek. Jakinarazi dutenez, ez dago aldez aurretik izena eman beharrik.
Lau parte hartzaile gonbidatu dituzte Lekeitiora: Egiari Zor fundazioko Ainara Esteran, Euskal Memoria elkarteko Iñaki Egaña eta Gasteizko Martxoak 3 elkarteko Andoni Txasko eta Lander Garcia. Hiru elkarteek asko ikertu eta sakondu dute gatazka politiko desberdinen ibilbideen inguruan: “Oso garrantzitsua da herri memoria egitea, belaunaldi berriei transmisioa egitea”.