Lea-Artibai eskualdean osasun zerbitzua bermatzea eskatu dute berriro, Lekeition
Nagusien elkarteek, Herri Lagunkoia proiektuko kideek eta eskualdeko beste eragileek agerraldia egin dute gaur [ekainak 22] osasun etxearen aurrean
Lea-Artibaiko hainbat eragilek agerraldia egin dute gaur [ekainak 22] goizean berriro eskualdeko osasun zerbitzuen egoera aztertu eta salatzeko. Lea Artibaiko Nagusien Elkarteek, Herri Lagunkoia proiektuan lanean dauden Mendexa Lagunkoia, Amoroto Lagunkoia, Gizaburu Lagunkoia, Aulesti Lagunkoia, Munitibar Lagunkoia, Lea Ibarra Lagunkoia, Lekeitio Lagunkoia, Ea Lagunkoia, Berritxu Lagunkoia, Ondarru Lagunkoia taldeek eta eskualdeko hainbat eragilek egin dute deia.
Antolatzaileek haien ardura eta egonezina adierazi dute: “Lea-Artibain, eta gainontzeko eskualdeetan, osasun zerbitzua bermatzea eta egunero mediku eta erizain zerbitzua eskualdeko herrietan izatea, baita espezialistarentzat itxaronaldiak laburtzea eskatu nahi dugu”. Urteak aurrera joan ahala osasun zerbitzuen egoerak “okertzeko joera nabarmena” hartu duela salatu dute.
Batez ere lehen arretan nabaritu dituzte aldaketa nagusiak txarrera, “lehengo egoera ez zen ona, baina Covid-19ak areagotu besterik ez du egin”. Sendagile falta nabarmena dute, telefonoz egiten dituzte diagnostikoak eta itxaronaldi luzeak dituzte, txandak astebetera edo bi astera emanez. Horrez gain, mugikortasuna jarri dute erdigunean, “batetik bestera alferrikako joan-etorriak eginarazi izan dizkigute, zein medikurekin eskatu hitzordua ez dugu jakin medikurik ez dugulako, etxetik mugitu ezinean ditugunen erizain eta mediku lanak guk geuk egin behar izan ditugu”.
Lehen arretak eskatzen dituen ezaugarri garrantzitsuenak “desagertzeko bidean” daudela esan dute: “konfiantzako osasun profesionala izatea galtzen ari dela egiaztatu dugu arreta behar dugun kasu askotan”. Gogoratu dute Lea-Artibai eskualdea herri txikiz osatuta dagoela, pertsona nagusi askorekin. Gainera, ziurtatu dute administrazio publikoak “zerbitzuk onik” ez ziurtatu ezean, herriak husten joango direla eta hori ez dela ona “inorentzat”.
Arreta espezializatuan “beste horrenbeste” pairatzen daudela zehaztu dute. Normaltzat definitu dituzte hilabeteak itxaron behar izana espezialista baten kontsulta jasotzeko. Hori gutxi ez, eta erreferentziazko ospitalea 45 minutura egonda, kotxez edo autobusez bi orduko bidaia dutela gogoratu dute.
Datorren hilabeteetan eskualdeko udalei egoeraren berri emango diete, “udalbatzak mozioa onartzea eskatzen dugu eta beronen berri Osasun Sailburuari helaraztea”. Lekeition atzoko [ekainak 21] osoko bilkuran aurkeztu nahi izan bazuten ere, ezin izan zuten, eta uztailekoan jarriko dute mahaigainean.
Beldurra. Gotzone Sagardui Osasun Sailburua, hain zuzen ere, jarri dute agerraldian ere jomugan. Ekainaren 8an egindako adierazpenetan jasotako “aldaketa kulturala” salatu dute Herri Lagunkoia proiektukoek. “deklarazioen harira gure beldur, harridura eta haserrea adierazi nahi dugu, larriak direla deritzogu, Osasun sistema osoa, jarri du jomugan eta”. Etorkizunerako plan modura aurkeztu zutena eskualdeko “gaur egungo errealitatea” dela esan dute, “mugikortasun handiagoa, oporraldietan osasun zentro batuen ordutegi moldaketa eta oro har sendagile falta”.