Markina-Xemeingo Leartikerren egoitzak hartu du 'Polymers & Medical Applications' jardunaldia
Gailu medikuekin lotutako gaiak lantzeko eta aurrerapen teknologikoak aurkezteko elkargunea izan da.
Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak egoitzan ospatu zen joan den maiatzaren 26an Polymers & Medical Applications jardunaldia. Urtero egiten den bilgunea da eta enpresa markina-xemeindarrak hartu zuen pandemiaren osteko lehendabiziko aurrez aurrekoa, azken biak birtualak izan ostean.
Elkargunea gailu medikuekin lotutako gaiak lantzeko eta sektorrean egiten ari diren aurrerapen teknologikoak aurkezteko erabiltzen da. Aurrez aurreko formatuarekin gainera enpresekin eta ikerketa zentroekin networking erraztea ahalbidetzen du. Hizlari talde handia elkartu zen, besteak beste Maria Pascual de Zulueta Basque Health Clusterreko Zuzendaria, Albert Sanjuan Cardivad enpresako Zuzendari Baskular eta Kardiakoa, Miguel Angel Campanero A3Z Advanced erakundeko Gerente Nagusiak eta Jesus Izco Viscofaneko zuzendaria.
Leartikerrek LGMed Interreg POCTEFA eta Cardiopatch Interreg Sudoe Programme proiektu europarrak aurkeztu zituen. Ekimen horietan, medikuntza birsortzailearekin lotutako azken belaunaldiko garapenak egiten ari dira.
Cardiopatch proiektuaren helburu nagusia da miokardio-infartua izan duten pertsonen bihotz-birsorkuntzarako «adabaki adimentsu bat» garatzea. Alde horretatik, Leartiker bi gailu ari da garatzen, batetik adabakia hazteko eta garraiatzeko 3D sistema bat, eta bestetik, 3D gailu bilgarri bat. Proiektua datorren urtean amaitzea aurreikusten dute, horretarako produktuak animaliekin baliozkotuko dituzte. Cardiopatchek bihotzeko medikuntza birsortzailean ikerketa eta garapena sustatzen duen lehen bikaintasun-sarea izatea nahi dute.
#LGMed Interreg POCTEFA proiektuko azken hiru urteetako emaitzak ere aurkeztu zituzten Ainitze Gereka eta Uzuri Urtaza ikertzaileek. Helburu nagusia izan da azken belaunaldiko gailu medikoak garatzea eta osasunaren sektoreko mugaz gaindiko sarea indartzea. Hasiera batean lau gailu medikoen prototipoak garatu nahi bazituzten ere, azkenenean zazpi landu dituzte, hau da, helburuak gainditu dituzte. Askotarikoak dira lanak, digestio-arazoak dituzten jaioberrientzako heste konektore batetik aurpegiko maskara eramangarri batera arte aurpegiko ebakuntza osteetarako. Bakoitzak bere lanketa prozesua dauka, horrenbestez, fase desberdinetan daude, batzuk hobetzeko fasean daude, beste batzuetarako patenteak eskatu dituzte eta besteak merkaturatzeko zorian daude. Oro har, “oso pozik” agertu dira ikertzaileak proiektuagaz.